Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideak Zubietan bilduta, ondoko argazkia atera eta helarazi digute larunbat honetan. Talde irudi honekin, osasunaren eta bizitzaren alde eta erraustegiaren aurka, Gipuzkoa plazan jada astea betetzear duen Gipuzkoa Zutik ekimenarekin bat egin dute mugimenduko kideek. Irudian, besteak beste, zubietar eta usurbildarrak dituzue.
Albiste honi atxikita doakizue bestalde, maiatzaren 29an osasunaren alde eta erraustegiaren kontra Donostiako Onkologikoa eta Foru Aldundiko egoitza ataria lotu zituen giza-katean antolatzaileek grabatu zuten bideoklipa. Ezagun egin den esaldiarekin aurkeztu dute ikus-entzunezko lana, erraustuez.org atarian: "Burua duenak ez du erraustegirik nahi bere herrian, eta bihotza duenak ez du beste inoren herrian nahi".
Aurreikuspenak gaindituta
Gutxienez 5.000 lagun behar ziren osasunaren aldeko eta erraustegiaren aurkako maiatzaren 29ko giza-katea osatzeko. Gutxieneko kopurua aise gainditu zuen mobilizazioak. Milaka lagun lotu ziren eskua emanda, Donostiako Onkologikoa Foru Aldundi aurreko Gipuzkoa plazarekin lotu zuen giza-katera. "Antolatzaileok kalkulatu genuen Onkologikoa eta Diputazioa giza-hari batekin lotzeko, bataz beste 5.000 lagun beharko zirela, baina hari hori zati askotan hirukoiztu eta beste askotan mataza izan da. Beraz, otsailean Zubietako Martxan gertatu zen bezala, aurreikuspenak oso modu nabarmenean gainditu dira", jakinarazi dute ohar bidez.
"Denon artean geldituko dugu"
Gizarteari, agintean direnei, enpresei, alderdi eta eragileei mezu bana helarazi zein Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, giza-kate amaieran. Gizarteari, "Gipuzkoak ez du errausketarik behar" eta inork ez duela nahi etxe ondoan adierazi zien. "Badakizu txosten epidemiologikoek zer dioten: erraustegiak minbiziaz hiltzeko arriskua dakar. Zuretzat nahi ez duzun hori ez ezazu onartu beste gipuzkoarrentzat ere. Lagun gaitzazu. Olatua handitu besterik ez da egingo aurrerantzean eta zure laguntza ere behar dugu. Denon artean geldituko dugu", adierazi zuen Teresa Lopez de Munainek irakurritako adierazpenean.
Agintean direnei, erraustegia eraikitzeko interes handiak dituztela esan zien, eta ez bakarrik jendaurrean adierazten dituztenak. "Interes handiak behar dute izan, herritarren osasuna arriskuan jarri eta etorkizuneko belaunaldiak hipotekatzeko". Entzuteko eskatu zieten, giza-katean bildutakoei entzuteko. "Erraustegia ez den hondakinak kudeatzeko alternatibak badira. Zuekin gai honi buruz hitz egiteko prest gaude. Baina erraustegia jartzeko tematzen bazarete, aurrez aurre izango gaituzue. Determinazio osoz proiektu horren aurka egongo gara. Ez dizuegu utziko besterik gabe, gure eta gure seme-alaben osasuna arriskuan jartzea", ziurtatu zuten.
"Zuen konpromisorik irmoena eskatzen dizuegu herritarron osasunarekiko"
Enpresei, herritarron osasunaren bizkar negozirik ez egiteko eskatu zieten. "Gure osasunak eta gure seme-alabenak, zuen negozioaren irabazi guztiek baino gehiago balio du", adierazi zieten. Erraustegiaren aurkako borrokak etenik ez duela izango ohartarazi zuten. "Ondo pentsatu non sartzen ari zareten. Erraustegia eraikiko balitz ere, ziur egon itxi arteko onik ez dugula izango", zioten. Gaineratu zutenez, "tximinia altxata, herritarrok guztia irentsiko dugula uste baduzue, oso oker zaudete".
Azken mezua, alderdi eta eragileentzat izan zen. Erraustegiarena, Gipuzkoako osasun arazo larrienetakoa dela gogorarazita, "espero dugu erronkaren tamainako erantzuna zuen aldetik. Zuen konpromisorik irmoena eskatzen dizuegu herritarron osasunarekiko. Zaudeten tokian zaudetela, gobernuan edo oposizioan: erraustegia baztertu eta beste bide alternatiboen alde egingo duzuela espero dugu. Ez legea, ez 'ad hoc' prestatutako mankomunitate eta GHKren estatutuak ez direla oztopo izango erraustegia ez egiteko, eta eginda egongo balitz ere, ixteko bidean jartzeko. Herritarrok ondoan izango gaituzue bide horretan".