Usurbilgo galdeketa, 2017an

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 5a, 10:25

Geure herriaren etorkizuna erabakitzeko 34 udalerrietan galdeketak egingo dira igande honetan. Eta hurrengo urtebetean beste 60 udalerrietan. Tartean, hemen, Usurbilen. 2017rako iragarria du kontsulta Usurbilgo Gure Esku Dagok, udalerri honetan. "2018a bitartean ahalik eta herri gehienetan herri galdeketak antolatu eta gauzatzea da Gure Esku Dago-ren asmoa. Herriko taldeak ere 2017an herri galdeketa antolatzeko asmoa dugu, baina horretarako 2016an azken bultzada bat eman nahi diogu gizarteratze prozesuari, eta orain arte hurbildu ez zaigun jendearengana iritsi nahi dugu", iragarria du Usurbilgo Gure Esku Dagok.

2017ko herri galdeketarako prestatzen

Martxoaren 11n Udarregi Ikastola aurreko zelaian ospatu zen "Borondateen Kriseiluak" ekitaldia, datorrenaren aurrerapen bat baino ez zen izan. "Erabakiaren bidea lantzen jarraitu nahi dugu", zioten Usurbilgo Gure Esku Dago lan taldeko kideek, ekitaldi hasiera hartan. Erronka handi askoa aurkeztu diete herritarrei. Herritarrek hitza hartuko dute datorren urtean; 2017. urtean herri galdeketa egingo da Usurbilen.

Hitzordu handi hau prestatzeko, herritarren laguntza behar du erabakitze eskubidearen aldeko bilguneak. Auzolanean landu nahi baitute galdeketa. "Hainbat batzorde osatu beharko dira elkarte bat sortzeko, galdera pentsatzeko, auzoz auzo, taldez talde eztabaida pizteko. Eta hori egiteko lan talde anitza beharko dugu. Ongi etorriak izango zarete", adierazi dute "Borondateen Kriseiluak" ekitaldian.

Jakin dezazuen, ostiral arratsaldero biltzen da Gure Esku Dago Potxoenean. "Etorri gurekin lanera, gonbidatuak zaudete!", luzatu diete gonbita herritarrei.