Bulebarra, Gipuzkoa Zutik-en gune berria

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 6a, 12:11

Goizeko gertakarien ostean, jendetza bildu da arratsaldeko 19:00etarako Donostiako Bulebarrean Gipuzkoa Zutik-ek deitu duen asanbladan. Batzarrean Gipuzkoa Plazara itzultzea erabaki dute berriz eta handik erraustegiaren aurkako manifestazioan abiatuak dira aipatu plaza aldera. Baina goizean eta duela astebete gertatu zen moduan, Ertzaintza bertaratu eta bidea mozten ari zaie. Tentsio uneak bizi izan dira. Lagun bat atxilotu omen dute. Une batzuetan Ertzaintza bertaraturikoei oldartu zaie. Bertan zirenak dantza eginez erantzuten ari zaie. Une honetan, Elkano kalean asanbladan bilduta daude. "Oso zaila izango da momentuz Gipuzkoa plaza berreskuratzea eta planteatzen ari gara ze aukera dauzkagun", diote Gipuzkoa Zutik-etik, sare sozialen bidez. Azkenean, Bulebarrera itzultzea erabaki dute. Bertan lehen gaua egiteko prestatzen ari dira. Irudia: Gipuzkoa Zutik.

Gipuzkoa plazatik Bulebarrera

Donostiako Udaltzaingoa eta Ertzaintza Gipuzkoa Plazara joan eta Gipuzkoa Zutik-en kanpaldi gunea hustu dute. Gipuzkoa Zutik-etik argi diote, aurreko astean bezala, "Ez goaz etxera!". Bulebarreko kioskora lekuz aldatu dira. Bertan bilduta ziren hurrengo orduetan zer egin erabakitzeko. Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak Bulebarreko kioskoan daudenak ere inguratu ditu eta bertatik berri ematen ari direnez, kioskoa husteko indarra baliatu dute. "Indar txikitzaile bezala agertu zaizkigu gaur Donostiako udaltzaingoa. Jendearen jarrera baketsuaren aurrean biolentzia eta mespretxua", diote Gipuzkoa Zutik ekimenetik.

Udaltzainek eta ertzainek alde egin ostean, Bulebarrean segitzen dute Gipuzkoa Zutik-ekoek. Arratsaldeko 19:00etarako mobilizazioa deitu dute Bulebarrean. Hara joateko deia egiten ari dira. "Gerturatu arren, aukera duzuen guztiok. Ezinbestekoa da ahal dugun bezala sustengua ematea autoritateen indarkeria bizitzen ari direnei", adierazi dute.

Irudia: Maialen Unanue.

Gipuzkoa Zutik sare sozialetan:

Facebook: Gipuzkoa Zutik

Twitter: @GipuzkoaZutik

Mugimendua indartzen

Gipuzkoa Zutik indarrak batzen ari da Donostiako Gipuzkoa plazan. Erraustegiaren edota "eliteen aurka eta bizitzaren alde" manifestazio jendetsua ospatu zen larunbat arratsaldean hiriburuan. Antolatzaileen arabera, 2.000 lagun bildu zituen mobilizazio koloretsuak. Irudia: Gipuzkoa Zutik.

Desobeditzea ez da delitu

Gipuzkoa Zutik-ek berak larunbat eguerdian berri eman zuenez, epaileak asteazkeneko desobedientzia ekintza artxibatzea erabaki zuen. "Epaileak ez du deliturik ikusi Gipuzkoa Plazako desobedientzia ekintzan: berehalako artxiboa eman du. Honenbestez, asteleheneko deklarazioak bertan behera geratu dira", ekimenetik berri eman dutenez.