Arrakastatsua suertatu da Errigoraren azken kanpaina. Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen salmenta sustatu eta euskalgintza bultzatzeko kontserba loteen azken ekimenak, egitasmo honekiko atxikimendu kopurua gorantz doala argi erakusten du. Pentsa, eskaerak egiteko epearen baitan, NOAUA! Kultur Elkartean, Udarregi Ikastolan eta Internet bidez, guztira 97 kontserba lote eskatu dira.
Produktu loteok NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan ditugu dagoeneko. Jaso ez dituzuenok, ekainaren 14a baino lehen etorri biltzera. Ordainketak ere hamabiko kontserba loteak eskuratzerakoan egin beharko dira. Zenbakitan, Nafarroa hegoaldeko zainzuri eta pikillo piperrek izan dute arrakasta gehien. Honatx Errigoraren kanpainak Usurbilen izan duen harrera:
-Zainzuriak ("El Escolar" eta "Iturri"): 23.
-Potxak ("La Churta" eta "Maria Jesus"): 6.
-Orburuak ("Ebron" eta "Maria Jesus"): 11.
-Barazki-menestra ("Almanaque" eta "Maria Jesus"): 14.
-Pikillo piperrak ("El Escolar" eta "Iturri"): 22.
-Kremak ("Pedro Luis"): 4.
-Tomate frijitua ("Pedro Luis"): 17.
Ekoizleen euskalduntzea helburu
Errigorarena hazten doan egitasmoa dugu. "Olioaren kanpaina arrakastatsua dugu aurrekari. Herriz herri kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzera gindoazela esan genuen otsailean, eta martxoko zenbakiek gure apustua berretsi zuten: 5.000 familiek erantzun zioten urte osorako olioa eskatzeko gonbitari", berri eman dute Errigoratik.
Ekoizle eta kontsumitzaile arduratsuen arteko zubi lanak eraikitzea bultzatzen dute, Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena laguntzea eta bertako euskalgintza suspertzea. Kanpaina honetan hain zuzen, ekoizleen euskalduntzean jarri nahi dute arreta. "Ekoizleen komunitatearengan jarriko dugu arreta. Aurrekoan kontsumitzaileen elkarketak dakartzan onurei buruz hitz egin genuen antzera, oraingoan ekoizleen baturaren onurez mintzatuko gara, euskararengan arreta berezia jarriz. Beti esan izan dugu, ekarpen ekonomikoaz haratago, Errigoraren jardunak euskarari on egiten diola. Bada, kanpainari hasiera emateko, baieztapen hau ekoizleen konpromiso berriekin hezurmamituko dugu, datozen hilabeteetan, elkarlanean, ekoizleen web gune guztiak euskaratuko ditugu eta".
Informazio gehiago: errigora.eus