Prekarietatearen aurka, lana eta aberastasuna banatzearen aldeko kotxe karabana antolatu zuen LAB sindikatuak aurreko ostiral goizean. Eskualde ezberdinetatik zutabeak abiatzekoak ziren. Buruntzaldekoak, kinka larrian diren bi lantegi lotu nahi izan zituen; Usurbilgo Ingemar eta Adunako Unipapel. Atallutik abiatu zuten protesta ekimenaren bidez 1.200 euroko soldata eta 35 orduko lan astea izatea eskatu zuten. Diru-gosearen aurrean, langileen osasunaren defentsan irten ziren LAB-eko kideak errepidera.
Goizeko 10:00ak pasatxoan abiatu zen kotxe karabana Atallutik. Ingemar aurreko biribilgunean zenbait itzuli egin zituzten. "Ingemarreko langileak bizirik!" eta "Ingemarreko zuzendaritza gezurra gezurraren gainean" dioela salatzeko langileek esekiak dituzten pankarten ondotik igaro ziren. Aipatu lantegiko langileei elkartasuna adierazi zieten. Gogoan izan, greba mugagabean direla gaurtik. Kotxe karabana hau hain zuzen, Ingemar eta Unipapel ixtearen aurkako ekimena ere izan zen. Ingemarretik Usurbil erdigunera jo zuten. Eta handik, eskualde osoa zeharkatzekoak ziren. Helmuga, egoera zaila bizi duen Adunako lantegian kokatua zuten.
Prekarietatea salatu eta lana eta aberastasuna banatzea eskatzeko mobilizazio eta protesta ekimen ezberdinak egin zituen LAB sindikatuak aste osoan. Buruntzaldean, kotxe karabana honekin eta Lasarte-Orian egin zen manifestazioarekin borobildu zuten protesta astea.