Hedabideek zabaldu dutenez, Zubietan eraiki asmo duten erraustegiak Eusko Jaurlaritzaren beharrezko baimenak jaso ditu jada; ingurumen baimen bateratua eta ingurumen eraginei loturikoa. Halako erabaki baten berri hedabide batek eman du beste behin, kasu honetan Diario Vascok, ez Jaurlaritzak berak. Antza, Lakuako Ingurumen Saileko sailburu orde Iosu Madariagak sinaturiko dokumentuak, 2010ean Jaurlaritzak Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioari garai hartan plantetatu zen proiekturako emandako baimen bera da orain, zenbait aldaketekin eman duena. Baimen bera, Jaurlaritzaren esanetan legearen ikuspuntutik, baimen eskaera berriek ez dutelako aldaketa esanguratsurik planteatzen.
Jaurlaritzak nabarmentzen duenez, eskura dituzten teknika onenak baliatuko omen dira Zubietan kokatu nahi dituzten eraikuntzetan. Usainak murriztuko omen dituzte, hondakinen biltegiratze denbora murriztuz eta kudeatuz. Dioxina eta furanoak atmosferara isurtzea ezingo dute saihestu noski, baina diotenez isurketok murrizteko sistema izango omen du guneak. Eta instalakuntzetako ur zikinak berrerabiltzea optimizatuko omen da. Teknika onenak baliatuko omen ditu, baina badaezpada, Eusko Jaurlaritzak ingurumen zaintza programa bat jarriko du martxan.
Foru Aldundiak, erraustegia eraikitzeko lanen esleipen deialdia ekaina amaieran egingo omen du. Eta urrirako esleipena gauzatua egongo omen da. Erraustegia eta tratamendu biologiko mekanikorako planta barnebiltzen dituen lehenengo eraikitze fase honetarako, 200 milioi xahutzea aurreikusten du Foru Aldundiak. Lanok enpresa pribatu batek kudeatuko ditu eta kudeaketa lan hauengatik 35 urtez dirutza kobratuko du.
Bigarren fase batean, biometanizazio planta eta eskoriak tratatzeko planta eraikiko omen dituzte. Erraustegiak bi labe izango omen ditu; guztira 200.000 tona hondakin erretzeko. Baina hasiera batean, urteko 163.000 tona hondakin erreko omen ditu.
Eusko Jaurlaritzak honenbestez, ez ditu aintzakotzat hartu, maiatzean, bi eguneko tartean herritar eta erakundeek aurkeztu zituzten 4.000 errekurtso baino gehiago.
Orain parte hartzea sustatu nahi
Erraustegia eraikitzen hasteko prozesuak aurrera jarraitzen duen honetan, 2017-2030 urte artean hiri hondakinak kudeatzeko plan orokor berria diseinatzeko parte hartze procesa deitu du orain Aldundiak, "Plan Orokorra indartu eta osatu egingo da, askotariko eragileen ekarpenei esker. Prozesu erabakitzailea eta negoziatzailea izatea nahi dugu, eta hala planteatu dugu, gaur egungo egoeratik eta lege oinarritik abiatuta".
Parte hartze prozesu honi erantzukizunez heldu nahi omen diote: "Prozesu honetan erantzukizun partekatu baina bereizien printzipioa aplikatuko da. Izan ere, eragile guztiek aukera izango dute horretarako zabalduko diren bideak erabili eta beren ekarpenak bideratzeko”.
3 fase izango omen ditu parte hartze prozesuak; informatu, eztabaidatu eta emaitzak itzultzeko aukera izango omen da. Eragileen nahiak ezagutu, entzun eta ulertu nahi omen dituzte; bitartekari lana egin; "etorkizuneko ikuspegi partekatu eta integratua sortu"; eta "aldaketak bultzatzeko aliantzak sortzen lagundu".
Badirudi hainbat eragileen aldetik azken aldian erraustegia eraiki aurretik ardura printzipioa aplikatzeko egin duten eskaera aintzakotzat hartu dutela. Eragileek diotena entzun nahi dutela. Baina argi denez, ez erraustegia behin betiko bertan behera uzteko asmoz.