Denbora gutxi zegoen. Errekurtsoak aurkezteko epea ixtear zenean, Eusko Jaurlaritzak ezkutuan GHKri erraustegia eraikitzeko baimenak ematekoa zela jakin zen. Segituan, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak eginiko deialdiari erantzunez, bi eguneko tartean 4.000 errekurtsotik gora aurkeztu ziren baimenon aurka. "Norbanakoek beraien kabuz erregistratuak, gainera, zenbatezinak dira. Beste aldetik, 20 bat udalek eta hainbat elkartek ere helegite administratiboa sartu dutela jakin izan dugu. Izan ere, atzo Eusko Jaurlaritzak Donostiako Andia kalean duen delegaritza kolapsatu egin zen errekurtsoen erregistroa zela eta", adierazi zuten Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik.
Astearte honetan hedabideek zabaldu dutenez, Jaurlaritzak erraustegia eraikitzeko beharrezko baimenak eman ditu, eta honenbestez, ez ditu aintzakotzat hartu, herritar eta erakundeek (usurbildarrek eta Usurbilgo Udalak tartean) baimenon aurka aurkezturiko 4.000 errekurtso baino gehiago.
"Jaurlaritzaren eta Diputazioaren ezkutukeriak kontrako efektua eragin du"
Deialdiak izandako harrera ikusita argi zioten errekurtsoak jartzera deitu zutenek; Jaurlaritzak eta Aldundiak ezkutatu nahi zuten baimenaren tramitazioa ez da isilpean pasa. "Eusko Jaurlaritzak pasa den apirilaren 11n luzatu zuen 2010eko baimena, proiektuan aldaketa nabarmenik ez dagoela ebatziz. Aipatu behar da Eusko Jaurlaritzak ez zuela baimenaren berri eman, errekurtsoa jartzeko epea inor enteratu gabe pasatzeko asmoarekin. Zuzen-zuzenean eragindako udalei ere (Lasarte, kasu) ez die abisatu. Hala ere, azkenean ezin izan dute ezkutatu eta sartu diren errekurtso kopurua ikusita, Eusko Jaurlaritzaren eta Diputazioaren ezkutukeriak kontrako efektua eragin du", zioen Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak, deialdiarekin bat egin zuten guztiak zoriontzearekin batera.
Haien esanetan, bi egunetan aurkezturiko milaka helegiteek argi erakutsi zuten, "gero eta gehiago garela erraustegiaren aurka jarrera aktiboa hartzen ari garenok".
Errekurtsoen arrakasta zenbakitan
Hona hemen adibide moduan, bi egun pasatxoko tartean aurkeztu diren errekurtso kopuruari lotuta, ezagutzera eman dituzten datuok:
Usurbil:1067
Lasarte:575
Hernani:500
Astigarraga:151
Andoain:201
Gasteizeko kanpusean:300
Urnieta:40
Usandizaga Donostia:25
Tolosa: 180
Ibarran: 25
Anoeta: 80
Zubieta:327
Legazpi:137
Deba: 20
Aiztondo:100
Arrasate:160
Eskoriatza:5
Bergara:12
Elgeta:7
Oñati:105
Errekurtsoaren edukia:
Zer eskatzen dugu?
LEHENA 2010eko apirilaren 23ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresak Donostiako udalerrian sustatutako hondakinen baliotze energetikoaren proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren aldeko adierazpena egin eta Ingurumenaren baimen bateratua eman zitzaion.
BIGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpenaren bidez Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa, S.A.U enpresari Donostiako udalerrian hondakinen baliotze energetikorako emandako Ingurumenaren baimen bateratua aldatu egin zen.
HIRUGARRENA 2016ko apirilaren 11ko ebazpena eman zenerako proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena eta Ingurumenaren baimen bateratua iraungita zeuden.
ESKATZEN DUGU: Idazki hau aurkeztutzat hartu ondoren, emandako ebazpen horren aurka BERRAZTERTZEKO ERREKURTSOA aurkeztutzat har dezala, eta ebazpen hori baliogabetzeko.