Ekimen astea deitu du Gipuzkoa Zutik-ek

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 7a, 13:23

Donostiako Bulebarrean bilduta segitzen du Gipuzkoa Zutik-ek. Goizero moduan, Ertzaintzaren bisita izan dute. Gaur ere indarrez husten saiatu dira kanpalekua eta  oraingoan ekimeneko 4 lagun atxilotu dituzte. "Orain arteko ekintza bortitzena" izan dela diote. Gipuzkoa Zutik-ek ordea, bertan segitzen du eta hala segiko du. "Ez goaz etxera!" adierazi dute. Ekimen astea deitu dute:

Ekainak 7, asteartea

17:00 "Fracking ez!" hitzaldia.

18:00 Ekintza hondartzan.

19:00 Asanblada.

21:00 Bertxortan.

Ekainak 8, asteazkena

18:00 San Martin azokan: ez gara artaldea (etorri ardiz jantzita eta zintzarriekin).

19:00 Asanblada eta Kurdistango hitzaldia.

Ekainak 9, osteguna

18:00 Pankarta erraldoiak jartzea Zubietan.

19:00 Asanblada.

21:00 Pintxo potea auzoetatik maskarilak eta informazioa banatzen.

Ekainak 10, ostirala

18:00 Giza-katearekin inguratu Aldundia.

19:00 Asanblada.

21:00 Kontzertua.

Irudia: Topatu.

BAKARKA NAHI GAITUZTE, ELKARREKIN IZANGO GAITUZTE

Susmoa dugu gure hilabete honetako fakturak apur bat disparatuko direla. Ez da izango ura eta argiaren prezioa beste behin ere igoko dutelako. Ezta zergek beti bezala azpikoak gogorrago kolpatuko gaituztelako. Gipuzkoa Zutik ekimena abiatu genuenetik jarri nahi dizkiguten isunen erruz izango da.

Ekimena burutzen hasi ginenetik hainbat gastu sortu ditu herritarren arteko konbibentzia apasionatu honek. Mozal legea medio, multa sendoak heldu ahal zaizkigula jakin badakigu. Abokatuek eta bestelako epaitegi kontuek ere gastua dakarte...

Eta hau dena zertarako? Zalantza gabe herritar bakoitza bere etxean mantendu nahi du eliteak. Burumakur, etsituta eta bere faktura eta multei begira. Pentsatuz bakarrik utzi gaituztela. Gure erantzuna, kantuak zioena da: “bakarka nahi gaituzte, elkarrekin izango gaituzte”. Elkarrekin gaudenean askoz hobea delako. Banaka nahi gaituen esplotazio eredu honen aurrean bakarrik ez egotea erabakitze hutsa jada gauzak aldatzeko lehen pausoa ematea delako. Eta ez da pauso txikia.

Horregatik nahi ditugu elkarbizitza apasionatu honen gastuak ere denon artean konpartitu. Ez ditugu gutxi batzuk etxean utziko burumakur haien isunari begira, ezta?

Laguntzeko era ugari dago. Antolatu zerbait zuen auzo edo herrian, kontzertu bat, afari bat... bildu lagunartean diru apur bat. Zabaldu mezua eta ingurukoak animatu sostengua ematera. Badakizue, lagun batek hilabete amaierara heltzen ez garenean laguntzen gaituenean bezala, kopurua ez da kontua, keinua eta elkartasuna baizik.

Konbibentzia apasionatu askok bezala, gureak ere azkenean kontu korronte bat ireki behar izan du. Hemen duzue: ES52 3035 0075 41 0750057088. Horra ere bideratu ditzakezue zuen gauzak aldatzeko nahiak, zuen elkartasuna, maitasuna eta sostengua. Ez gaituztelako bakarrik aurkituko!