2015ko Kontu Orokorra behin betiko onartu du Udalak. Jendaurrean egon den 15 eguneko tartean inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Maiatzaren 31ko osoko bilkurara eraman zuen gaia udal gobernu taldeak, behin betiko onarpena emateko. Gehiengo osoaren babesa izan zuen proposamenak; EHBilduk eta PSE-k alde bozkatu zuten. EAJ abstenitu zen.
Aldaketak, 2016ko Zerga Ordenantzan
Gobernu taldeak aurtengo Zerga Ordenantzan zenbait aldaketa egitea proposatu zuen maiatzaren 31ko osoko bilkuran. Batetik, eraikuntza, instalazio eta obrei buruzko zerga ordenantzaren araudian, energia aurrezteko instalakuntzak jartzen dituztenentzat %95eko hobariak jasotzeko erraztasun edo aukera gehiago eskaintzeko. Aurrerantzean “existitzen diren eraikinen kasuan, araudiak ezarritako parametroak betetzea ezinezkoa denean ere aplikagarri izango da, baldin eta modu eraginkorrean energia aurreztea lortzen bada”.
Hileta zerbitzuetako tasan ere aldaketak txertatzea proposatzen du udal gobernu taldeak. Batetik, Aginagako eta Usurbilgo hilerriko zerbitzuengatik ordaindu beharreko diru kopuruaren artean bazen alderik orain arte. “Justifikatua ez zegoen ezberdintasuna”, udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran aipatzen zutenez. Egoera hau aldatzea proposatzen dute. Honez gain, hilerri zaharra husteko bidean da. Bertan diren gorpuak ateratzeko ordaindu beharreko diru-kopuruan ere aldaketak egin nahi ditu gobernu taldeak. Gaiak tratamendu berezi bat behar zuela ikusita, gorpu bat baino gehiago atera behar dituztenen kasuan, prezioa murrizteko ahalegina egin asmo dute.
Ordainketak errazten
Udal kirol zerbitzuei loturiko zerga ordenantzan ere zenbait xehetasun aldatu nahi ditu gobernu taldeak. Besteak beste, 18 urte betetzen dituztenei 18 urtez azpikoen tarifa aplikatuko zaie. Beste modu batera esanda, helduen tarifa 19 urtetik gorakoentzat izango da. Bestalde, abonuak automatikoki urtero luzatuko dira. Baja eman nahi duenak, abenduaren 20a baino lehen bideratu beharko du eskaera. Beste bi aldaketa; 100 eurotik gorako kostua duten urte osoko ikastaro eta abonoak bi zatitan ordaindu ahalko dira. Eta “ordainketak, txartel bidez edo Kiroldegiak horretarako dituen kontu korronteetan egin beharko dira. Ez da onartuko 10 eurotik gorako ordainketarik eskudirutan”.
Aldaketok gehiengo osoz behin behinean onartu zituen udalbatzak maiatzaren 31ko osoko bilkuran, EHBilduren eta PSEren aldeko bozkekin. EAJ abstenitu zen. Udalbatzak hartutako erabakiari erreklamazioak aurkezteko aukera egongo da 30 egunez, erabakia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta udal iragarki taulan argitaratu ostean. Tarte horretan erreklamaziorik aurkeztuko ez balitz, erabakia behin betiko onartutzat joko da. Bestela, epe hau igarota, “Udal Korporazioak behar diren behin betiko erabakiak hartuko ditu, aurkeztu izan diren erreklamazioak ebatziz eta Ordenantzaren behin betiko idazketa, beraren indargabetzea edota, behin behineko akordioan aipatutako adierazpenak onetsiz”.