Udalerri honetako hezkuntza eskaintzaz mozio bana aurkeztu zuten EHBilduk eta EAJk maiatzaren 31ko osoko ohiko bilkuran. EAJk Zubietan eta Aginagan eskola publiko bana dutela gogorarazita, Usurbilek halako ikastetxerik ez zuela eta norabide horretan, Usurbilek ere eskola publikoa izateko tramitazioa abiatzea eskatu zuen mozio bidez. Jaurlaritzari eraikina kokatzeko lurzorua erreserbatzea eskatzen diote jeltzaleek eta Udala “idazten ari den Plan Orokorraren baitan” lur erreserba hori jasotzea. Hezkuntzako Azpiegitura Planean Usurbilgo eskola publikoaren beharrak jasotzeko eskaria ere egin zuten, eta Udalak tramiteak abia ditzala, “eskola publikoa eraikitzeko behar diren giza eta material baliabideak aurreikus ditzan”. Esklusiboki Eusko Jaurlaritzak kudeatuko duen eskola defendatzen dute jeltzaleek.
Usurbilek eskola publikoa eta Udarregi Ikastola izatea proposatzen dute jeltzaleek. Herri honek duen biztanle kopurua aintzakotzat hartuta, bi aukerak izateko eskubidea dutela usurbildarrek. Aukeratzeko aukera defendatzen dute. Ildo beretik mintzatu zen ere Fermin Orue-Echevarria azken osoko bilkuran. Aurtengo udal aurrekontuetan eskola publikoa eraikitzeko lehen pausoak ematea, udal gobernu taldeari lurzorua bilatzen hastea eskatu ziola gogorarazi zuen PSE-ko zinegotziak.
“Ez da irtenbide egokia”
EHBildu ere sistema publikoaren alde agertu zen, baina ez dator bat eskola publiko berri bat eraikitzearekin. Udal gobernu taldearen ustez, horrek herria bitan zatitzea ekarriko luke eta ekonomikoki ere oso garestia litzateke. Gainera, halako esperientziak bizi izan dituzten herrietan segregazioak dakartzan arazoak ikusita, orain guneotan ere konfluentziarako joera nagusitzen ari dela adierazi zuten. Honenbestez, EHBildurentzat oposiziotik planteatzen dena “ez da irtenbide egokia”. Eskola publiko berri bat eraiki beharrean, Zubieta eta Aginagako eskolak “zaindu eta indartu behar ditugu” eta Udarregi Ikastola doako bihurtzeko bidea jorratzeko borondatea azaldu zuen udal gobernu taldeak.
Horretarako, “Jaurlaritzari eskatzen diogu Hezkuntza Lege berria garatu dezala lehenbailehen. Lege horretan euskal hezkuntza-eredu propio baten oinarriak finkatu behar dira, ikastetxe publikoen eta itunpekoen sare koordinatu bat eratuz. Hezkuntza Lege berriak aukera ireki behar luke herrian dagoeneko dauden ikastetxeen doakotasuna bideragarri egiteko. Usurbilgo Udalak konpromisoa hartzen du bide horretan lan egiteko”, adierazi zuten EHBildutik mozio bidez.
EAJren mozioak PSEren babesa jaso zuen. EHBilduk aurka bozkatu zuen. Honenbestez gehiengoz atzera bota zuten jeltzaleen proposamena. EHBilduren mozioan alderantzizkoa gertatu zen; EAJ eta PSE udal taldeek aurka bozkatu zuten arren, EHBilduren aldeko babesarekin gehiengo osoz onartu zen.