16 urtetik gorako usurbildarrek parte har dezakete Bota Punttubak antolaturiko txapelketan. Lanek inoiz argitaratu gabeak izan behar dute. 8-10 bertso artean aurkeztu ahalko dira. “Lanak egilea nor den adierazi dezakeen daturik gabe aurkeztuko dira, izengoitiz. Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Lan originalarekin batera, 3 kopia bidali behar dira, ekainaren 8a baino lehen, helbide honetara: Usurbilgo Udala (40. Bertsopaper Lehiaketa), Joxe Martin Sagardia plaza, Usurbil 20.170.
Sariketa ekainaren 25ean izango da. Iaz bezala, herriko jaien aurretik, Sutegin ospatuko den bertso saio musikatuan emango da ezagutzera epaimahaiak hartutako erabakia. 200 euro eta oroigarria, 150 euro eta 100 euro jasoko dituzte hurrenez hurren, txapelketako lehen hiru sailkatuek. Baina gerta liteke saririk ez izatea ere. “Epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek behar duten kalitaterik ez badute, sariak eman gabe gera daitezke”, berri eman dute. Iaz, ondoko irudiko Imanol Zarautz herritarrak irabazi zuen txapelketa.
Santixabeletako jubilatuen bazkaria
Uztailaren 3rako antolatu dute, iganderako honenbestez, Atxega jauregian. Bazkaritarako txartelak aurrez eskuratu behar dira, ekainaren 21a baino lehen, edota agortu aurretik, Artzabalgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea edo Aginagako Arrate jubilatu egoitzetan, baita Usurbilgo Udaleko Gizate Zerbitzuetan ere. Bazkaritara joan ahal izateko 60 urte beteta edo aurten betetzea eskatuko da. Usurbilen erroldatua egotea ezinbestekoa izango da. Bi salneurri finkatu dituzte; 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte txartelak, 60-65 urte artekoek; 10 eurotan, 65 urtetik gorakoek.
Txupinazoa, Dantza Taldekoen eskutik
Jai Batzordeak jakitera eman du, azken aldian martxan izan dituen herriko festei begirako parte hartze prozesuetan nortzuk nagusitu diren. Festei hasiera nork emango dion hautatu dute jada. Emailez nahiz Potxoenean, Sutegi udal liburutegian eta Kiroldegian jarritako ontzietan gure ekarpenak egin genitzakeen. Proposamen mordoa jaso du Jai Batzordeak, baina bat aukeratu behar eta Orbeldi Usurbilgo Dantza Taldeak izan du babes gehien. Herriko dantzariek izango dute beraz, datozen jaiak abiatzeko ohorea. Zorionak!
Intza Salsamendik diseinaturiko egitaraua
Ekainaren 30etik uztailaren 3ra izango ditugun ospakizunen berri emango digun egitarau diseinu lehiaketa nork irabazi duen ere jakinarazi du Jai Batzordeak. 3 lan aurkeztu dira deialdira. Hirurotatik Intza Salsamendi usurbildarrarena hautatu du Jai Batzordeak. Iazko txapeldun bera dugu aurtengo irabazlea. Ekaineko azken astebururako esku artean izango dugu Salsamendiren diseinu lana, Usurbilgo Udalak etxez etxe banatuko baitu egitaraua. Iaz erabilera anitzekoa genuen. Ohiko diseinu lanetatik urrunduz, haur nahiz helduengan pentsaturiko diseinu lan originala sortu zuen Salsamendik; dado itxura zuen egitaraua. Ia aurtengorako zer prestatu digun. Zorionak!