Aste eta erdi bete du jada, Gipuzkoa Zutik ekimenak. Hamaika egun, Gipuzkoa plazan kanpaldia altxa zutenetik. Asteazken goiz honetan ere Ertzaintza Bulebarrera bertaratu da, baina gerora joan egin dira. Lasaitasun giroa nagusi orain, Gipuzkoa Zutik-en kanpaldian. Ekimen mordoa deitu dute egunotarako. Atzo arratsaldean esaterako, giza-kate luze askoa osatu zuten Kontxako badia inguruan. Eta jendetsua izan zen baita egunero 19:00etan egin ohi duten asanblada. Asteazken honetan San Martin azokara joatekoak dira 18:00etan. "Etorri ardiz jantzita eta zintzarriekin", luzatu dute gonbita.
Gipuzkoa Zutik-ek deituriko mobilizazio eta ekimen desberdinetan parte hartzen dabiltza hainbat usurbildar ere. Herri honetako eragileak ere Gipuzkoa Zutik mugimendura batzen hasiak dira. Asteazken goiz honetan jakinarazi digutenez, Kantu Taldekoek datorren asteartean, ekainaren 14an, ikasturteko azken entsegu saioa egingo dute. Udarregi Ikastolan bildu ohi dira astero. Oraingoan ordea, Donostiara joatea erabaki dute, Gipuzkoa Zutik -en kanpaldira. Bertan abestuko dute, datorren asteartean, ekainak 14, arratsaldeko 18:00etan hasita. Herritarrei ere Gipuzkoa Zutik egongo den gunera joateko deia egiten diete. "Animatu eta azaldu Donostiara!", luzatu dute gonbita.
Gipuzkoa Zutik-en datozen deialdiak
Ekainak 8, asteazkena
17:30 Nuitdebout-en inguruko hitzaldia Miguel Seguirekin (Nuidebouteko kidea).
18:00 San Martin azokan: ez gara artaldea (etorri ardiz jantzita eta zintzarriekin).
19:00 Asanblada.
20:00 Hitzaldia: "Emakume kurduen autodefentsa: armada eta politika" Dilar Dirik ekintzailearekin.
22:00 Kontzertua: Occhi di farfalla.
Ekainak 9, osteguna
18:00 Pankarta erraldoiak jartzea Zubietan.
19:00 Asanblada.
21:00 Pintxo potea auzoetatik maskarilak eta informazioa banatzen.
Ekainak 10, ostirala
18:00 Giza-katearekin inguratu Aldundia.
19:00 Asanblada.
21:00 Kontzertua.
Ekainak 14, asteartea
18:00 Usurbilgo Kantu Taldearen ikasturteko azken entsegu saioa, Gipuzkoa Zutik-en gunean. "Animatu eta azaldu Donostiara!".
Informazio gehiago:
Twitter: @GipuzkoaZutik
Facebook: Gipuzkoa Zutik
Gipuzkoa Zutik-en oharra:
Bakarka nahi gaituzte, elkarrekin izango gaituzte
Susmoa dugu gure hilabete honetako fakturak apur bat disparatuko direla. Ez da izango ura eta argiaren prezioa beste behin ere igoko dutelako. Ezta zergek beti bezala azpikoak gogorrago kolpatuko gaituztelako. Gipuzkoa Zutik ekimena abiatu genuenetik jarri nahi dizkiguten isunen erruz izango da.
Ekimena burutzen hasi ginenetik hainbat gastu sortu ditu herritarren arteko konbibentzia apasionatu honek. Mozal legea medio, multa sendoak heldu ahal zaizkigula jakin badakigu. Abokatuek eta bestelako epaitegi kontuek ere gastua dakarte...
Eta hau dena zertarako? Zalantza gabe herritar bakoitza bere etxean mantendu nahi du eliteak. Burumakur, etsituta eta bere faktura eta multei begira. Pentsatuz bakarrik utzi gaituztela. Gure erantzuna, kantuak zioena da: “bakarka nahi gaituzte, elkarrekin izango gaituzte”. Elkarrekin gaudenean askoz hobea delako. Banaka nahi gaituen esplotazio eredu honen aurrean bakarrik ez egotea erabakitze hutsa jada gauzak aldatzeko lehen pausoa ematea delako. Eta ez da pauso txikia.
Horregatik nahi ditugu elkarbizitza apasionatu honen gastuak ere denon artean konpartitu. Ez ditugu gutxi batzuk etxean utziko burumakur haien isunari begira, ezta?
Laguntzeko era ugari dago. Antolatu zerbait zuen auzo edo herrian, kontzertu bat, afari bat... bildu lagunartean diru apur bat. Zabaldu mezua eta ingurukoak animatu sostengua ematera. Badakizue, lagun batek hilabete amaierara heltzen ez garenean laguntzen gaituenean bezala, kopurua ez da kontua, keinua eta elkartasuna baizik.
Konbibentzia apasionatu askok bezala, gureak ere azkenean kontu korronte bat ireki behar izan du. Hemen duzue: ES52 3035 0075 41 0750057088. Horra ere bideratu ditzakezue zuen gauzak aldatzeko nahiak, zuen elkartasuna, maitasuna eta sostengua. Ez gaituztelako bakarrik aurkituko!
Irudia: Gipuzkoa Zutik.