"Ahalik eta gutxien erabili behar izatea" desio dute, erasotuak diren emakumeei arreta hobea eskaintzeko, asteazken eguerdi honetan Usurbilgo udalbatza aretoan, erakundeen arteko jarduerarako eta koordinaziorako I. Udal Protokoloa sinatu dutenek. Eta erabili behar izanez gero, ahalik eta modu eraginkor eta egokienean erantzutea espero dute. Erakunde ezberdinen konpromiso hau jasotzen duen agiria izenpetu dute Xabier Arregi Usurbilgo Udaleko alkateak, Jose Manuel Ladron de Guevara Donostialdeko Osakidetza-ESIko zuzendari gerente-arduradunak eta Karmelo Martinez Sarobe, Hernaniko Ertzain-etxeko buruak.
Hiru erakundeek elkarlanean diseinatu, erredaktatu eta onarturiko udal protokoloa dugu sinatu eta jada martxan dena. "Tokiko protokolo honen helburua indarkeria egoeren detekzioa eta arretan ematen den erakundeen arteko koordinazio eta jarraipena ahalik eta egokiena izatea bermatzea da, beti ere emakume bakoitzaren nahiak eta egoera kontuan hartuta", adierazi dute Usurbilgo Udaletik.
Emakundek diruz lagundu duen protokoloak finkatuak dituen jarraibideen arabera jokatuko du Udalak aurrerantzean. Halere ez da protokolo itxia. Egokitzen, eguneratzen, hobetzen joan eta gertuko jarraipen bat egiteko mahai tekniko bat ere osatuko da. Usurbilgo anbulatorioa, udaltzaingoa, Ertzaintza, Gizarte Zerbitzuak edota udal Parekidetasun Saila ordezkatuak egongo dira bilgune horretan. Azken sail honetako teknikariak koordinatuko du, protokoloa ebaluatu eta hobekuntzak egitea ahalbidetuko duen protokoloa. "I. Protokoloaren edukien jarraipena eta ebaluazioa egiteko, erakunde bakoitzeko ordezkariekin koordinazio mahai teknikoa osatuko da, bertan berrikusi eta antzemandako beharrei egokituz joango dira, protokoloak etengabe hobetzeko helburua duelako", adierazi dute Usurbilgo Udaletik.
Zoritxarrez gai honek jendartean duen presentzia ikusita, Usurbilgo alkateak beharrezkoa ikusten du errealitate honen "aurkako neurriak hartzea, modu eraginkor batean". Udalaren izenean, Arregik protokolo honetan inplikatu diren beste bi eragileen jarrera, eta erakutsi duten borondate eta interesa eskertu ditu. Hernaniko Ertzain-etxeko buruak ere udal ekimena txalotu du. Modu koordinatuan eta elkarlanean arituz, "protokoloak emakumeek jaso beharreko arreta nabarmen hobetzeko balioko du", adierazi du. Eta hobetzen segi asmo dute, Osakidetzako ordezkariak nabarmendu duenez, elkarbizitza eta giza eskubideen aurkako manifestazio larriena diren emakumeen aurkako erasoak saihestu, eta desagertzeraino.
Lehentasuna Udalarentzat
Indarkeria mota hau desagerraratzeko, sentsibilizazioan eta prebentzioan, eta detekzioan eta arretan eragitea lehentasun dira Usurbilgo Udalarentzat. Lehen esparruari dagokionean, "urteetan zehar gauzatutako herritar guztiei zuzendutako sentsibilizazio ekintzak, edota emakumeen jabekuntza eta partaidetza sustatzeko antolatutako jabekuntza eskola, edota hezkuntza alorrean hezkidetza programa, horren adierazle dira". Bigarrenean, detekzioan eta arretan eragiteko sinatu dute gaurko protokoloa.
Protokoloak biltzen dituen atal nagusiak
-Genero indarkeriaren eta sexu erasoen biktima diren emakumeei laguntzeko eta esku hartzeko printzipio nagusiak.
-Genero indarkeria eta sexu eraso kasuetan koordinatzeko prozedurak.
-Erakundeen arteko koordinazioa.
-Udalaren adierazpenak eta ekintza publikoak.
-Usurbilen genero indarkeriaren edo sexu erasoen ondorioz emakume bat erahilko balute, Udalak jarraitu beharreko prozedura.
Protokoloa, elkarlanean bideratua
2011: Genero indarkeriaren prebentziorako eta indarkeria mota hau jasan duten emakumeei laguntza eskaintzeko udal politiken diagnosia egin zen.
-Gero, arreta zerbitzuan parte hartzen duten udaltzain, gizarte edota osasun langileekin formazioa landu zuten.
-Segidan, eragileen parte hartzearekin protokoloa definitzeari ekin zioten.
2012: protokoloaren azken bertsioa esku artean zuen Udalak. Protokoloan parte hartzen duten erakundeei helarazten die zirriborroa, azter dezaten. Ekarpenak jasotzen dira. Ertzaintzako arduradunek dokumentua erdarara itzultzea eskatzen dute.
2014: Ertzaintzak bere ekarpenak egin eta dokumentua osatzen da.
2016: otsailaren 18an Parekidetasun eta Aniztasun Batzordeak aho bateko babesa eman ostean, otsailaren 23ko osoko bilkuran aurkeztu eta aho batez onartu zuten udal ordezkariek, protokolo berri hau.