Usurbil K.E.-ren Eguneko herri afaritarako txartelak salgai

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 9a, 08:47

Denboraldi amaieran da eskubaloi taldeen elkartea. Ohi bezala, festa giroan agurtuko dute 2015-16 ikasturtea, ekainaren 25ean, elkarte kideen arteko lagun arteko eskubaloi partiden eta sariak banatuko dituzten herri afari baten bueltan. Ekainaren 25ean ospatuko duten egunean, herri afaria antolatu dute Askatsuna plazan. Txartelak ostegun honetatik aurrera eskuragarri izango dituzue ekainaren 22ra arte edo txartelak agortu arte. 14 urtez azpiko haurrenak 10 eurotan, 14 urtetik gorakoena 20 eurotan. Bordatxon eta Aitzagan izango dira salgai.

Batzarra, ekainaren 18an

Aurretik ordea, beste hitzordu bat deitu du Usurbil K.E.-k; batzarra ekainaren 18rako. "Garrantzizko erabaki asko hartuko dira etorkizunari begira eta jokalari, guraso, entrenatzaile, zaletu eta bazkide guztiei dei egiten zaie bertaratu daitezen", luzatu dute gonbita. Batzarrean bertan nahiz aldez aurretik usurbilke@gmail.com helbidera ekarpenak egiteko aukera izango da, ekainaren 15era arte:

Eguna: ekainak 18, larunbata.

Ordua: 11:15.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Gai zerrenda:

1-Lehendakariaren agurra.

2-2015-2016 denboraldiaren balantzea.

3-2016-2017 denboraldirako aurreikuspenak eta proposamenak.

4-Bazkideen eta besteen proposamenak.

5-Galdera-erreguak.

Deitzailea: Usurbil K.E.

Alebin mutilak, Gipuzkoako finalerdietan

Udarregi eskubaloi taldea, Gipuzkoako Txapelketako finalerdietarako sailkatu da. Finalerdia, larunbat honetan, ekainaren 11n goizeko 10:00etan jokatuko dute Urnietako udal Kiroldegian, Maria eta Jose C taldearen aurka. Finalerdiotan nagusitzen direnek, biharamunean, ekainaren 12an jokatuko dute final handia, kiroldegi eta ordu berean, goizeko 10:00etan.

Gipuzkoako Selekzioa

Ekainak 11, larunbata

09:00 Infantil nesken Gipuzkoako Selekzioaren X. Korpus Torneoa Oñatiko Zubikoa Kiroldegian. Usurbil K.E.-ko jokalari Aitana Davila deitu dute hitzordura.

09:15 Infantil mutilen Gipuzkoako Selekzioaren X. Korpus Torneoa Oñatiko Zubikoa Kiroldegian. Usurbil K.E.-ko Udarregi A taldeko Julen Lejardi eta Udarregi B taldeko Eneko Furundarena deitu dituzte hitzordura.

Estitxu Berasategi Eizagirre, Europara

Espainiako Selekzioko hitzorduetan parte hartzeko gonbita jaso du berriz. Oraingoan ordea, urrutira doa:

-Ekainaren 26tik uztailaren 9ra Suediara Europako Txapelketa jokatzera.

-Uztailaren 15etik 17ra Kroaziako Torneoa jokatzera.

-Eta uztailaren 18tik abuztuaren 1era Eslovaquiara, Munduko Txapelketan parte hartzera. Uda mugitu askoa datorkio Usurbil K.E.-ko jokalariari.

Bi usurbildar, eskubaloi garaipen handietan

Ohorezko mailan lehiatu den Bera Bera taldeak ligako txapeldun amaitu du. Talde kideen artean da Esther Arrojeria. C.D. Bidasoa talde irundarra berriz, eskubaloiko maila gorenera, Asobal Bauhaus ligara igo da. Talde horretako kapitaina ere usurbildarra dugu; Asier Zubiria. Zorionak bioi!