Azken orduan whatsapp-etik bidalitako mezu bidez parte hartzeko gonbita luzatu eta jendeak ezinhobeto erantzun du beste behin. Talde jendetsua bildu zen atzo arratsaldean Donostiako Kontxako badian, GuraSOSek eginiko deialdiari erantzunez. Erraustegiak seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak, argazki bat atera nahi zuen, ekainaren 19rako antolatzen ari den mobilizazio erraldoia iragartzeko. Eta hitzorduaren berri ordu gutxi batzuk lehenago eman arren, uste baino jende gehiago agertu zen azkenean. Guraso eta seme-alabak gehienak, bat baino gehiagok maskara jantzita erretratu zuen GuraSOSek. Aipatu bezala, ekainaren 19rako prestatzen ari diren mobilizaziorako baliatuko dute taldeko argazkia. Antolatzaileek datozen egunotan emango dituzte, ekimen erraldoiaren inguruko zehaztasun gehiagoren berri. Momentuz, GuraSOSetik azpimarratu duten moduan, eguna ondo apuntatu zuen agendatan.
Hamarnaka, sinadura katea osatzen
Jada 7.000 atxikimendu bildu ditu GuraSOSen manifestuak. Larunbatean ospatu zen Ikastola Egunean Oiardo Kiroldegi atarian ikusi genituen, Haur Hezkuntzaken jaialdira gerturatu zirenen artean sinadura gehiago jaso zituzten. Gogoan izan, noiznahi bat egin dezakezue erraustegia geratzea eskatzeko manifestuarekin, gurasos.org atarian sartuta. Taldetik erronka bat ere proposatzen digute; gutako bakoitzak beste 10 lagunen sinadurak biltzea eta hamar pertsona hauetako bakoitzak aldi berean, beste 10 lagunenak eskuratzea. Atxikimendu katea osatu nahi dute modu horretan. Bildutako sinadurak Ahaldun Nagusi Markel Olanori helaraziko dizkiete. Bestalde, taldeak kide berriak eskertuko lituzke. GuraSOSen zure ekarpena egiteko prest bazaude, idatzi komunikazioa@gurasos.org helbidera.