"Espainiako Gobernuak Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko galdeketa antolatzea ukatu ostean, herritarrok zer?". Galdera honen bueltan jarduteko gonbita luzatzen dute Erraustegia Erabakia herri plataformatik, ekainaren 18an goizeko 11:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan deitu duten batzar irekian.
1.185 usurbildar, galdeketa eske
"Erraustegia egingo den ala ez, herriak erabaki dezala" horixe da aipatu bilgunea osatu eta aurkeztu zenetik bultzatu nahi dutena. Udazkenean herritarren sinadurak biltzen aritu ziren, Usurbilgo Udalari galdeketa antolatzea eskatzeko. 1.185 usurbildarren atxikimenduak jaso zituzten. Sinadurok Usurbilgo Udalari entregatu zizkioten urtarrila amaieran. Otsaileko Udalaren osoko bilkuran, kontsultarako galdera onartu zen EHBilduren babesarekin. EAJ eta PSE abstenitu ziren. Gerora, Udalak herri galdeketa antolatzeko baimena eskatu zion Espainiako Gobernuari. Duela hilabete, Ministroen Kontseiluak ezetz esan zuen. Ez zuela baimentzen galdeketa, herri kontsultara eraman nahi den gaiak udal eremua gainditzen duela argudiatuz. Udalak agerraldi bidez, herritarren esku utzi zuen berriz, galdeketa antolatzeko eskumena. Egoera honen aurrean, Erraustegia Erabakia herri plataformak, hemendik aurrera egin beharrekoaz hitz egiteko batzar irekia deitu du ekainaren 18rako.
Galdeketak jorraturiko bidea
2015/10/30: Erraustegia Erabakia herri plataformaren agerraldi aurkezpena, Mikel Laboa plazan.
2015/11/07: Erraustegia Erabakia jendaurrean aurkezteko lehen batzarra egin zuten Potxoenean.
2015/11-2016/01: Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea eskatzeko sinadurak biltzen aritu zen herri plataforma.
2016/01/30: 1.185 usurbildarren sinadurak bildu ostean, sinadurok Usurbilgo Udalari entregatu zizkion Erraustegia Erabakia herri plataformak.
2016/02/23: osoko ohiko bilkuran, gehiengo osoz herri galdeketarako galdera onartu zen: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?".
2016/03/04: Usurbilgo Udalak erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko eskaera luzatu zion Espainiako Gobernuari.
2016/05/13: erraustegiari buruzko herri galdeketa egitea debekatu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak.
2016/05/19: debekuaren aurrean, Usurbilgo Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuliko diela jakinarazten du.
2016/06/18: Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuli ostean, batzar irekia deitu du Erraustegia Erabakiak 11:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan.