Panelak jarrita, hauteskunde kanpaina abiatzeko prest

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 9a, 09:30

Gauerdian abiatuko da ekainaren 26ko Espainiako Gorteetarako hauteskunde kanpaina. Bi astez luzatuko da. Datorren hamabostaldia herritarren bozka eskatzeko baliatuko dute eragile politikoek. Tartean, ondoko irudian dituzuen paneletan islatuko dituzte euren mezuak. Usurbilgo Udalak ohiko lekuetan jarriak ditu jada. Hutsik daude momentuz. Gauerditik aurrera, eta ekainaren 24ra arte, mezu politikoez josteko aukera izango dute alderdiek. Usurbilen momentuz, EHBilduk antolatu ditu soilik, kanpainako ekitaldiak. Lehenengoak, asteburu honetarako:

Ekainak 10, ostirala

Hauteskunde kanpainako hitzorduak: Gazteak

19:00etan hasita, "gazteok gure aukerak zabaltzera goaz" Sutegi aurrean.

22:00 Argazki masiboa, futbito partiden artean.

Ekainak 11, larunbata

19:00 Kartel pegaketa, frontoitik hasita.

Antolatzailea: Usurbilgo EHBildu.

Hauteskundeetako mahaikideak, hautatuak

Ekainaren 26an Espainiako Gorteerako hauteskundeak izango ditugu. Madrilgo Diputatuen Kongresu eta Senatu berria osatzeko bozketa egun horretan, Usurbilgo Udalak egokituko dituen 8 hauteslekuetarako mahaietan herritarrak egongo dira. Ohi bezala, azken osoko bilkuran zozketa bidez erabaki zen nortzuk osatuko dituzten hauteslekuotako mahaiak. Gogoan izan, mahai bakoitza lehendakari batek eta bi bokalek osatu eta hauetako bakoitzak, ordezko beste 2 lagun izan behar dituela. Honenbestez guztira 72 herritarrei egokituko zaie bozketa egunez antolaketa lanetan parte hartzea. Zozketa bidez hautatuak suertatu zaretenoi, egunotan helduko zaizue jakinarazpena.

Posta bidezko bozka

Posta bidez bozkatzea eskatzeko epea ekainaren 16an itxiko da. Eskaera Correosen egin behar da. Posta bidez bozkatzeko azken eguna ekainaren 22a izango da. Gogoan izan, behin eskaera eginda ezingo dela ekainaren 26an hauteslekuetan bozkatu. Eta bestalde, martxoaren 1a baino lehen erroldatua zauden udalerrian bozka dezakezula.