Ez da eskaera plazaratzen duten lehen aldia. Baina hilabeteak pasa eta erantzunik jaso ez dutenez, berriz saiatu nahi dute. "OEIT-tik, berriro ere, aldebakartasunez erraustegia eraikitzeko erabakia hartu duten politikariei bilera eskatu nahi diegu. Orain dela bi hilabete bilera eskatu genien, publikoki eta pribatuki, bai Markel Olano Diputatu Nagusiari baita Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuari ere, eta ez dugu ulertzen oraindik erantzun ez izana", adierazi dute Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldetik.
Eztabaida parametro zientifiko eta arrazionaletara ekartzea eskatzen dute, eta horretarako, lehen urrats gisa, "gauza bakarra eskatzen dugu: gurekin bil daitezela eta entzun ditzatela azken hamarkadako literatura zientifikoan publikatu diren datuak. Agintariak ondorio larriak izan ditzakeen erabaki baten aurrean daude eta, datu zientifikoen argitan, gure ustez, zuhurtasun-printzipioa lehenetsi beharko lukete. Osasunarekin ez baita jolasten".
Herritarren osasuna lehenetsi beharko lukete politikariek OEIT-ren ustez. Horregatik, euren egitekoa esku artean dituzten datu zientifikoak politikarien eskuetan jartzea dela diote. "Eta azken 10 urteotan publikatu den literatura zientifikoa oso esanguratsua da: erraustegiak kaltegarriak dira. Ebidentzia zientifikoaren aurrean agintari duin batek egin beharko lukeena da zuhurtasun-printzipioa aplikatzea eta erraustegiaren proiektua alboratzea", diote.
Txostenen fidagarritasun falta
Ildo horretatik, politikari batzuen adierazpenekiko kezka agertu dute. "Egunetik egunera gero eta kezkatuago gaude. Politikari batzuek edozein astakeria esateko gai direla baieztatzen ari gara, beraien argumentazioa defendatzeko inongo ikerketa sendo eta modernorik aurkeztu gabe", dio OEIT-k. Sarritan adierazi izan dutena gogorarazi dute beste behin. Hainbat politikariek erraustegiak osasunerako arriskurik ez dakarrela argudiatzeko baliatu izan dituzten bi txostenek ez dutela fidagarritasun nahikorik. "Politikari batzuek Osakidetzari egozten dioten ikerketa bat erabiltzen ari dira adierazteko arriskurik ez dagoela. Baina lan honetan ez da horrelakorik baieztatzen, bakarrik esaten da erraustegi “zaharrak” [2004an] zirela arriskutsuak. Eta gainera, gogoratu behar da lan hau ez dagoela publikatua inongo argitalpen zientifikoetan, ez duelako fidagarritasun zientifiko nahikorik. Bide batez, argitu behar da lan hori ez dela Osakidetzarena, Osasun Departamendurena baizik, ez dela berdina, inondik ere", argitu du ikerketa taldeak.
Euskal Herriko Unibertsitateak 2011. urtean Zabalgarbiri buruz plazaraturiko txostenaz, OEIT-ren esanetan egin duten erabilpen politikoaren inguruan ere gauza bera esan daitekeela diote. "Ikerketa honi buruz hitz egin dutenek irakurria izango balute, jakingo zuten bere 20. orrian hori aurre-ikerketa hutsa dela argi eta garbi adierazten den. Izan ere, Zabalgarbi inguruan minbizi tasak hazten diren ala ez konprobatzeko beste 10 urte beharko liratekeela onartzen da bertan", diote OEIT-tik.
Baieztatu aurretik, ikertu
Urteotan egindako lana defendatu du OEIT-k eta hondakinak errausteak osasunean duen eragina ikertzen jarraitzeko asmoa dute. "Guk, medikuok, publikoki baieztapen bat egin baino lehen ikerketa zientifikoak aztertzen ditugu. Guk esaten duguna beti datu zientifikoetan oinarritua egon behar du. Ikerketak hor daude, edonoren esku. Mediku edota ikerlari zientifiko batek, behin ikerketen emaitzak ezagututa, inoiz ez luke esango erraustegiaren ondoan bizitzeak arriskurik ez duenik, politikari batzuek hain arinki adierazten duten moduan. Edozein kasuetan, guk publiko egindako ikerketa zientifikoekin norbait minduta sentitu bada ere, gure asmoa da ikertzen jarraitzea eta emaitzak publikatzen jarraitzea. Zentzu honetan, orain dela gutxi publiko egin den ikerketa baten gainean lan egiten ari gara orain: Zabalgarbi ireki zenetik pilatzen ari den artseniko kopurua gero eta handiago da. Jakina da artsenikoak pertsonen osasunean duen eragina, eta Zabalgarbi inguruko lur eremuetan hain kopuru handian egoteak pertsonen elika-katean sartzeko arriskua oso handia dela esan nahi du", diote.