Deialdia Usurbilgo Udaleko langileen batzordeak egin du, ostiral goizeko 10:00etan, udaletxe aurrean. "Gipuzkoa Zutik ekimenari gure elkartasuna adierazteko argazki bat aterako dugu udaletxe aurrean. Zatoz, parte hartu!" luzatua zuten gonbita. Gipuzkoa Zutik-en irudidun eta erraustegiaren aurkako kartelekin bildu dira udaletxe atarian.
Deialdi honen harira honako adierazpena kaleratu dute:
Usurbilgo Udaleko langileen batzordearen adierazpena
Usurbilgo Udaleko langileen batzordeak, maiatzaren 29az geroztik, eraso guztiei aurre eginez, era iraunkorrean eta etenik gabe, Donostiako plazetan erraustegiaren kontra eta bizitzaren alde garatzen ari den Gipuzkoa Zutik ekimenari erabateko elkartasuna adierazi nahi dio.
Gu ere, erraustegiaren kontra gaude, bizitzaren alde. Egungo ereduak herritarren %99 zanpatzen du; ezinbestekoa da %1a bakarrik asebetetzen duen eredu hau iraultzea. Beste eredu sozial bat behar dugu: justuagoa, ama lurra errespetuz hartuko duena, osasungarriagoa, partehartzaileagoa, solidarioagoa...
Zuekin guztiokin gaittunk! Eutsi goiari eta biba zuek!
Gipuzkoa Zutik
Ustelak lurpera, bizitza da handiena
Usurbil, 2016ko ekainak 9
Usurbilgo Udaleko Langileen Batzordea