Jaurlaritzak erraustegia eraikitzea ezkutuan baimendu duenik ukatu du

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 10a, 13:23

Ostiral goiz honetan Ingurumenaren eta Lurralde Politikaren Batzordea bildu da Gasteizen. Beste hainbat gaien artean, Zubietako erraustegiaz aritu dira. EHBildu taldeko legebiltzarkide Dani Maeztuk eginiko eskariari erantzunez, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko sailburu orde Iosu Madariagak agerraldia egin du, Zubietako erraustegiari emandako baimenen inguruan azalpenak emateko.

EHBildu taldetik, Dani Maeztu legebiltzarkideak Zubietako erraustegia eraikitzeko emandako baimenak ezkutuan onartu ote dituzten galdetu dio sailburu ordeari. Zergatik ez dituzten jendaurrean jarri eta apirilaren 11ko ebazpena, bi hilabete pasata zergatik ez duten argitaratu aldizkari ofizialean edo prentsa ohar batean. Prozedura honekiko harridura agertu du EHBilduk. BERRIA egunkariak egin zuela publiko gogorarazi dio, eta ebazpenari alegazioak aurkezteko aukera murriztu zaiela herritar eta eragileei, salatu du Maeztuk. BERRIA egunkariak zabaldutako albistearen harira, eta errekurtsoak aurkezteko epea ixtear zela, 4.000 alegazio baino gehiago aurkeztu zituzten herritarrek maiatza hasieran. "Zergatik halako jokaera traketsa herritar eta eragileekiko?", galdetu dio Maeztuk, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila, herritarrok ingurumen osasuntsuaz gozatzeko dugun eskubidea bermatzeko EAE-ko organu gorena dela gogoraraziz.

Interes ekonomikoak herritarren osasunaren gainetik jartzea egotzi dio EHBilduk, Ingurumen Sailari. Urrirako eraikitze lanak esleitu behar dituztenez, "tranpa legalak" baliatzea, presa handiz erraustegia eraikitzea baimentzeko. "CO2 gasak isuriko dituen jardueraz ari gara", zioen Maeztuk. Klima aldaketaren aurkako borrokarekin bat ez datorren jardueraz. Beharrezkoa ez den jardueraz. Bere garaian, Maeztuk gogorarazi duenez, Bizkaiko Foru Aldunditik EAE-k "erraustegi batekin nahikoa izango zuela" zioen. Bizkaiko Zabalgarbiko erraustegia jarri dio adibide moduan. EAEko gas kutsakorren emisioen erroldan laugarren postuan ageri da aipatu erraustegia.

Honez gain, Zubietako erraustegia eraikitzeko baimen bateratuak dioenez, planta honek isuriko dituen dioxina eta furanoak kontrolatu behar direla dio. Hori "Zabalgarbin ez da egiten" zioen EHBildutik. "Zabalgarbin ez duzue egiten Europako araudiak ezarri bezala. Zubietako kasuan egingo duzuela sinistu behar dugu?".

Erraustegia gipuzkoarren artean sortzen ari den kezka nabarmena helarazi dio Maeztuk Ingurumen Sailari. Azken aldian egin diren ekimenak horren adierazgarri direla gaineratu dio. Eta Jaurlaritzak hartutako erabakiokin jendartea "ez du laguntzen lasaitzen" adierazi du.

"Ez dago ezer ezkutatzeko"

Hitz horiekin erantzun dio Iosu Madariaga, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak, EHBilduk eginiko galderei. Inongo tranparik ez dela egon, "mamuak ikusten dituzue" esan dio eta baimenok emateko prozedura ohikoa izan dela adierazi du. Legeak dioena bete dutela. Kasu honetan, 2010ean Zubietako erraustegia eraikitzeko Gasteizek emandako ingurumen baimenetatik ez dela funtsezko aldaketarik izan. Baimen luzapen bat baino ez. Eta funtsezko aldaketarik egon ez denez, "ez dago zertan arau hori jarraitu beharrik" zioen Madariagak, ebazpena jendaurrean zergatik jarri ez duten eta ebazpena bera zergatik ez duten argitaratu argudiatuz. Halakoetan, ebazpenak "presa barik argitaratzen dira" gaineratu du. Gipuzkoako legebiltzarrak onarturikoa Aldundiak bete behar duela, eta Eusko Jaurlaritzak ez duela oztopo izan behar uste du.

Ebazpena aldizkari ofizialean argitaratu ez dela eta, iragarpen bat ere egin du; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarira bidali dutela esan du. "Bere unean argitaratuko da", zioen Madariagak. Erraustegia eraikitzeko baimenak emateko ebazpena apirilaren 11n onartu zuten. Bi hilabete igaro diren honetan, gaur arte ez dute ebazpenaren berririk eman.

Adierazpenon aurrean, hitza hartu du berriz Dani Maeztuk. Agerraldi hasieran eginiko galderek erantzun gabe segitzen dutela adierazi du. Planteatu dituzten galderak ez direla mamuak, "gertera objektiboak" baizik. "Legeak berdin agintzen du ebazpenak argitaratu egin behar direla, aldaketak funtsezkoak direnean eta ez direnean ere", adierazi du. Azken urtean Ingurumen Sailak argitaraturiko ebazpen ezberdinak aipatu ditu adibide moduan. Ebatzi eta asko jota 2-3 astera publiko egin izan dituztela. Kasu honetan bi hilabete igaro dira eta Zubietako erraustegia eraikitzeko baimenen berri argitaratzeke du oraindik Eusko Jaurlaritzak. "Ez da ohiko prozedura eta zerbaitegatik da", berretsi du Maeztuk. Sailburuordeak berriz ere egin beharrekoa egin dutela, eta kontrakoa uste badu, epaitegira jotzeko esan dio Maezturi.

PSOE eta PP, EAJ babesten

Oposizioko alderdiek, EHBildu salbu, Ingurumen Sailak eginiko lana babestu dute. Ez dute zalantzarik agertu, Ingurumen Sailak izandako jokabideaz. Argien hitz egin duena, PSOE alderdiko legebiltzarkideetako bat izan da. "Egin beharrekoa egin du, egin behar zuen moduan", adierazi du. Bere esanetan gainera, hondakinak kudeatzeko bi politika daude honen guztiaren atzean. Gipuzkoan hondakinen arazoari irtenbidea bilatu nahi diotenak eta kontrakoa egin dutenak. "Gu arazoak konpondu nahi dituenaren alde gaude", adierazi dute sozialistek, erraustegia babestuz.

PPko legebiltzarkide Mari Carmen Lopez de Ocariz ere ildo beretik mintzatu da. "Tramiteek badirudi legera doitzen direla, bestela errekurritzeko aukera bada", adierazi du, erraustegia beharrezko azpiegitura dela esatearekin batera.

EHBilduk gaurko agerraldia eskatzeko aurkezturiko dokumentua: EHBildu