Ekainaren 15era arte aurkez daitezke, Bertsopaper Lehiaketarako lanak

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 10a, 09:20

Bota Punttubak astebetez luzatzea erabaki du, bertsopaper lehiaketarako lanak aurkezteko epea. 16 urtetik gorako usurbildarrek parte har dezakete txapelketan. Lanek inoiz argitaratu gabeak izan behar dute. 8-10 bertso artean aurkeztu ahalko dira. “Lanak egilea nor den adierazi dezakeen daturik gabe aurkeztuko dira, izengoitiz. Lanarekin batera kartazal itxi batean parte hartzailearen datu pertsonalak aurkeztuko dira”. Lan originalarekin batera, 3 kopia bidali behar dira, ekainaren 8a baino lehen, helbide honetara: Usurbilgo Udala (40. Bertsopaper Lehiaketa), Joxe Martin Sagardia plaza, Usurbil 20.170.

200 euro eta oroigarria, 150 euro eta 100 euro jasoko dituzte hurrenez hurren, txapelketako lehen hiru sailkatuek. Baina gerta liteke saririk ez izatea ere. “Epaimahaiaren iritziz aurkeztutako lanek behar duten kalitaterik ez badute, sariak eman gabe gera daitezke”, berri eman dute. Iaz, ondoko irudiko Imanol Zarautz herritarrak irabazi zuen txapelketa.

Zikiro-janerako txartelak salgai

Herriko jaien baitan, uztailaren 2an ospatuko den kantu-zikiro janerako txartelak salgai jarri dituzte jada, Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan, 25 eurotan. Ikasle eta langabetuek 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte. "Txartel mugatuak! Ez izan azkena erosten!" ohartarazi dute antolatzaileek. Usurbilgo Kantu Taldeak eta Kuxkuxtu txarangak girotuko duten herri bazkaria, uztailaren 2an, 14:00etan Askatasuna plazan izango da.

Santixabeletako jubilatuen bazkaria

Uztailaren 3rako antolatu dute, iganderako honenbestez, Atxega jauregian. Bazkaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Ekainaren 21ean jarriko dituzte salgai, Artzabalgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea edo Aginagako Arrate jubilatu egoitzetan, baita Usurbilgo Udaleko Gizate Zerbitzuetan ere. Bazkaritara joan ahal izateko 60 urte beteta edo aurten betetzea eskatuko da. Usurbilen erroldatua egotea ezinbestekoa izango da. Bi salneurri finkatu dituzte; 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte txartelak, 60-65 urte artekoek; 10 eurotan, 65 urtetik gorakoek.

Txupinazoa, Dantza Taldekoen eskutik

Jai Batzordeak jakitera eman du, azken aldian martxan izan dituen herriko festei begirako parte hartze prozesuetan nortzuk nagusitu diren. Festei hasiera nork emango dion hautatu dute jada. Emailez nahiz Potxoenean, Sutegi udal liburutegian eta Kiroldegian jarritako ontzietan gure ekarpenak egin genitzakeen. Proposamen mordoa jaso du Jai Batzordeak, baina bat aukeratu behar eta Orbeldi Usurbilgo Dantza Taldeak izan du babes gehien. Herriko dantzariek izango dute beraz, datozen jaiak abiatzeko ohorea. Zorionak!

Intza Salsamendik diseinaturiko egitaraua

Ekainaren 30etik uztailaren 3ra izango ditugun ospakizunen berri emango digun egitarau diseinu lehiaketa nork irabazi duen ere jakinarazi du Jai Batzordeak. 3 lan aurkeztu dira deialdira. Hirurotatik Intza Salsamendi usurbildarrarena hautatu du Jai Batzordeak. Iazko txapeldun bera dugu aurtengo irabazlea. Ekaineko azken astebururako esku artean izango dugu Salsamendiren diseinu lana, Usurbilgo Udalak etxez etxe banatuko baitu egitaraua. Iaz erabilera anitzekoa genuen. Ohiko diseinu lanetatik urrunduz, haur nahiz helduengan pentsaturiko diseinu lan originala sortu zuen Salsamendik; dado itxura zuen egitaraua. Ia aurtengorako zer prestatu digun. Zorionak!