Erraustegiak seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaren kezkak batu ditu GuraSOS taldean. Jada 8.200 sinadura baino gehiago jaso ditu kaleratua duten manifestuak. Eta orain, ekainaren 19rako mobilizazio erraldoia deitu dute Donostian. Haurren Babeserako Famili eta Giza Hesia eraiki nahi dute gu guztion laguntzaz. Ekainaren 19rako finkatu dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan Antiguako tunelean. Bertan abiatuko da, Alderdi Ederrera luzatuko den desfilea. Adi desfilera eraman beharreko janzkerari. "Haur txikienak txuriz eta helduak eta bestelako haur eta nerabeak guztiz beltzez" joateko deia egin dute mobilizazio erraldoi honetako antolatzaileek.
Albiste honi atxikia duzue, ekimena iragartzeko GuraSOSek kaleratu duen kartela. Karteleko argazkia asteazken arratsaldean atera zuten, Kontxako badian. Azken orduan whatsapp-etik bidalitako mezu bidez parte hartzeko gonbita luzatu eta jendeak ezinhobeto erantzun zuen beste behin. Talde jendetsua bildu zen, GuraSOSek eginiko deialdiari erantzunez. Erraustegiak seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginagatik kezkaturiko guraso taldeak, argazki bat atera nahi zuen, ekainaren 19rako antolatzen ari den mobilizazio erraldoia iragartzeko. Eta hitzorduaren berri ordu gutxi batzuk lehenago eman arren, uste baino jende gehiago agertu zen azkenean. Guraso eta seme-alaba bat baino gehiago maskara jantzita erretratu zuen GuraSOSek. Aipatu bezala, ekainaren 19rako prestatzen ari diren mobilizaziorako baliatu dute taldeko argazkia. Antolatzaileek astelehen eguerdian emango dituzte, ekimen erraldoi honen inguruko zehaztasun gehiagoren berri. Momentuz, GuraSOSetik azpimarratu duten moduan, eguna ondo apuntatu zuen agendatan; ekainaren 19an, gure osasuna babesteko hitzordua dugu Donostian.
Hamarnaka, sinadura katea osatzen
Jada 8.200 atxikimendu baino gehiago bildu ditu GuraSOSen manifestuak. Gogoan izan, noiznahi bat egin dezakezue erraustegia geratzea eskatzeko manifestuarekin, gurasos.org atarian sartuta. Taldetik erronka bat ere proposatzen digute; gutako bakoitzak beste 10 lagunen sinadurak biltzea eta hamar pertsona hauetako bakoitzak aldi berean, beste 10 lagunenak eskuratzea. Atxikimendu katea osatu nahi dute modu horretan. Bildutako sinadurak Ahaldun Nagusi Markel Olanori helaraziko dizkiete. Bestalde, taldeak kide berriak eskertuko lituzke. GuraSOSen zure ekarpena egiteko prest bazaude, idatzi komunikazioa@gurasos.org helbidera.