Inguruan dituzten legez kanpoko zabortegien aurka edota Valdemingomezeko erraustegia ixtea eskatzeko manifestatu ziren larunbat eguerdian, Madrileko Rivas Vaciamadrideko eta inguruko udalerrietako bizilagunak. Eragile zabal talde batek deitu zuen protesta ekintza: Rivas Contaminación Zero; Rivas Aire Limpio; Jubiqué; AV Ensanche de Vallecas; CAES; Garbancera Acroecología; Ampa Instituto Las Lagunas; Plataforma Aire Limpio-Residuos Cero; Rivas Puede; PSOE; CUP Somos Rivas (IU+Somos Rivas+Equo); Podemos Rivas; Anticapitalistas Rivas-Sureste de Madrid...
Aipatu dizuegu asteotan, Usurbilgo Udalak bat egin zuela mobilizazioarekin. Manifestazio deitzaileen artean baitzen, Rivas Aire Limpio plataforma. Eta bertako kide dugu Clara Perales. Maiatza amaieran gure artean izan genuen bere lekukotza eskainiz, Usurbilgo Udalak egindako harreran, GuraSOSek Oronan antolaturiko jardunaldietan edota Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak maiatzaren 29an antolatu zuen giza-katean ere parte hartu zuen.
Peralesek gipuzkoarrei emandako babesa itzuli zien larunbatean, Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak. Mugimendu honetako ordezkaritza batek, Rivaseko mobilizazioan parte hartu zuen.
Elkartasuna eta babesa adierazi zieten
Gipuzkoarrek mezu hau zabaldu zieten manifestazioan bildutakoei:
Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak biltzen dituen eragile eta pertsona mugimendu zabal bat, erraustegiaren aurka eta hondakinak ondo kudeatzearen alde borrokan ari da Gipuzkoan; Erraustegiaren Aurkako Herri Plataformen koordinadora beteranoa, mediku taldea, gurasoen taldea, herri plataforma eta taldeak... eta orain, Gipuzkoa Zutik ekimeneko gazteak.
Gipuzkoan 2 erraustegi aurreikusten ziren 2000. urte inguruan. Protestei esker, Irun-Hondarribiako proiektua bertan behera geratu zen.
Zubietako proiektua geratu zen. Baina aldaketa nabarmen bat eman zen; gertuen duen udalerriak, Usurbilek, erraustegiaren aurka protestatzeaz gain, sistema alternatibo bat martxan jarri zuen, Katalunia eta Italiako esperientziak kopiatuz, Atez Ateko Bilketa. Sistema ekologikoagoa, merkeagoa, lanpostu gehiago sortzen dituena, errazagoa...
Udalerri gehiago batu ziren sistema alternatibo honetara: Hernani, Oiartzun, Antzuola, Oñati... 2011ko hauteskundeen ostean, Foru Aldundiko ezkerreko gobernu talde berriak errauste planta proiektua bertan behera utzi eta sistema alternatiboak beste udalerri askotara zabaldu zituen.
2015eko maiatzean, Gipuzkoako biztanleriaren herena (%31) %70-80tik gorako gaikako bilketa duten udalerrietan bizi zen, urteko eta buruko 80 kg erreus baino gutxiago sortuz. Artean, beste udalerrietan, hiriburuan esaterako, 250 kg erreus baino gehiago sortzen dute.
2015eko hauteskundeen ostean, PNV-PSOE koalizioak errauste planta proiektuari heldu zion berriz eta kosta ala kosta eta presaka aurrera atera nahi dute.
Bide batez, Donostiak baduen ezkutuko beste erraustegiari ere baimena luzatu diote, Rezola zementerari. Madrilen, Gipuzkoan bezala, badakigu hondakinak erraustea, esku artean dugun gai garrantzitsuenetarikoa dela, ikuspuntu desberdinetatik:
-Osasuna. Zer azalduko dizuegu zuei, urte luzez Valdemingomezeko pozoia jasaten ari zaretenoi!
-Ingurumena, ingurua kutsatzea, hondakin are arriskutsuagoak sortzea (errautsak eta zepak), klimari egiten zaion kaltea...
-Eredu ekonomikoa, aprobetxatzen ez diren lehengaien xahutzea, milaka tona lur emankorren galera, Ekonomia Zirkular Berria gelditzea...
-%1a den elitearen diru publikoaren lapurreta eta xahutzea, politikari eta kontrata publiko talde pribatu handien konplizitate inmorala, beharrezkoa ez den zor publikoa sortzea, herritarren %99arentzat beharrezkoak diren gastu eta inbertsioak murriztearen bizkar, funts publikoen bahiketa...
Ikusten duzuenez, denok, Gipuzkoa eta Rivas Vaciamadrid, bakoitza hain ezberdina izan arren, asko dugu amankomunean.
Rivas-Vaciamadrideko lagunak, duela gutxi, ausardia eta eskuzabaltasun handiz, Clara Peralesek Gipuzkoa bisitatzeko ahalegina egin zuen, Rivas-Vaciamadrideko eta gertuko beste hainbat udalerrietako lagun askok bizi duzuen drama azaldu zigun. Gaur gu gara, Gipuzkoako Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko kideak, hona zuei eskertzera eta gure errespetua eta elkartasuna adieraztera gatozenak.
Informazio gehiago eta irudiak: erraustuez.org