Erraustegiaren aurkako aldarria zabaltzen ari da, eta nola gainera, Usurbilen eta Gipuzkoan barrena. Usurbilen "Errausketarik? Ez eskerrik asko" dioten kartel ezagunak ugaritu dira azken aldian. Zubietan eraiki asmo duten plantaren aurkako aldarriak ere abiatu berri den hauteskunde kanpainako paneletan eseki dituzte. Igandean Zubietako instalakuntzetan ospaturiko Real Sociedad Fundazioaren festa gunerako sarreran ere "Erraustegia 500 metrotara" dioen pankarta handi bat eseki zuten. Ez ahaztu, futbol talde gipuzkoarraren entrenamendu gunea ere, erraustegiaren arrisku eremuaren baitan dago. Errausketaren zero gunetik kilometro erdira baino ez.
Erraustegiaren aurkako aldarria, eliteen aurkakoa ere baden Gipuzkoa Zutik-en Donostiako protesta baketsuan bizirik dute 24 ordutan, duela bi astetik. Larunbat arratsaldean, Urgull mendian erraustegiaren aurkako pankarta erraldoi bat eseki zuten eta gaua ere bertan igaro zuten.
Irudiak: Erraustegiaren Aurkako Mugimendua eta Gipuzkoa Zutik.
Informazio gehiago:
Facebook: Gipuzkoa Zutik.
Twitter: @GipuzkoaZutik.