Aspaldiko eskaerei eta begi bistako beharrei erantzunez, Usurbilgo Udalak birgaitze ekologikoa eta handitze lanak bideratuko ditu Zumarte Musika Eskolan legegintzaldi honetan zehar. Espazioa handitu, irisgarritasuna bermatu eta dauden intsonorizazio arazoak konpondu nahi dira, beti ere eraikinaren egungo izaera mantenduta. Halere, haratago joan nahi du Udalak. Ingurumen aldetik jasangarria izango den interbentzioa egingo dute. Legegintzaldian zehar gauzatuko duten proiektua erredakzio fasean da orain.
Proiektua, urtea amaitzerako
4 arkitektura taldeei proposamenak aurkeztea eskatu die Udalak. Proposamenok uztailera hasierarako mahai gainean izango dituzte. Horietako bat aukeratu beharko dute gero. Urte amaierarako proiektua prest izango dela aurreikusten dute. 2016ko aurrekontuetan jaso bezala, 20.000 euro bideratuko ditu Udalak lan hauetara. Egitasmoa hurrengo urtean garatzen segiko dute. Aldaketarik ez bada, 2017an hasi litezke lanak. Egungoez gain, espazio berrituari bestelako erabilerak emateko egon daitekeen aukera aztertu nahi du Udalak, eragileekin batera; Zumarte, arte eszenikoentzat edota dantza taldekoentzako gunea, musikari loturiko topagune zabala izatea etorkizunean.
Zumartekoen ikasturte amaierako kontzertuak
Ekainak 14, asteartea
18:00 Musika Txokoko ikasleen emanaldia Udarregi Ikastolan.
Ekainak 15, asteazkena
18:30 Abesbatzen emanaldia San Esteban Elizan.
Ekainak 16, osteguna
18:30 Talde instrumentalen emanaldia Sutegiko auditorioan.
Ekainak 17, ostirala
18:00 Pop-Rock-Folk taldeen kontzertu solidarioa Askatasuna plazan. "Bildutako diru guztia, errefuxiatu siriarrak laguntzen ari den Zarauzko sorosleez osaturiko Basque Lifeguards taldeari bideratuko zaio".
Antolatzailea: Zumarte Musika Eskola.