Irazu eta Agerialde pareko kaleak berritu eta egokituko ditu Usurbilgo Udalak

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 14a, 09:00

Irazu kalea

Mikel Laboa plaza Kale Nagusiarekin lotzen duen pasabidea itxuraldatzen ikusiko dugu uda honetan. Eraberritzera doaz, herri erdiguneko kultur gune nagusiak zeharkatu eta 114 metro luze dituen Irazu kalea. Irisgarritasun arazoak konpondu eta azpiegitura berritu nahi dute; ur sarea eta saneamendua, kalearen berezko izaerari eutsita.

Kontu handiz egingo dituzte lanok. “Harriaren alineazioa mantendu nahi da. Harri bakoitza altxa eta erdibituko da”, berri eman dute Udaletik. Tratatu ostean, berriz zeuden lekuan jarriko dira. Harriei irristarkotasun azterketa probak egin dizkie Udalak eta “emaitzak oso onak” izan direla adierazi digute. Espaloia eta kale erdiko pasabidea ere maila berean geratuko dira eraberritze lanon ostean.

Lanak uztaila amaieran hastekoa da Udala eta 4 hilabetez luzatuko omen dira. Berritze lanak zatika egingo dituzte, honenbestez, kalea ez da osorik itxita egongo une bakar batean ere. Lanek iraun artean, Irazura sartu edo irteteko modua bermatua egongo da. Urtebete barru lanok berak egingo dituzte frontoiz bestaldeko kalean, Etxebesten eta handik Udaletxera jaisteko Irutasuna kalean ere.

Alperro-Buru kalea

Uda honetan eraberrituko duten beste kalea, Alperro-Bururen azken zatia dugu. Udarregi Ikastolako HH eta LHkoen eraikin atariko bide zatiaz ari gara. Agerialde pareaz. Ikasleek ostiral honetan hasiko duten bi hilabete pasatxoko oporraldia baliatu nahi du Udalak, inguru horretan egin asmo dituen eraberritze lanak bideratzeko. Batetik, Agerialde atzealdeko patiotik aldapan behera jaisteko baranda babestuko dute, zebrabidea eta aparkalekuak denontzako egokitu.

Agerialde ondoko biribilgunetik hasi eta Alperro-Buru 8raino, hau da, eraikin berriaren pareraino, norabide bakarrekoa izango da kale hau lanak amaitutakoan. Ikasleen jolasgaraian, eta ikastolara sartu eta ateratzeko orduetan eremu hau autoen joan etorrirako itxita geratuko da. Kale zati horretan autoa aparkatua duenak ezingo du bertatik mugitu, eta ezingo da bertan aparkatu aipatu orduotan.

Irailerako prest

Begi bistako aldaketak eragingo dituzte lanok. Baina ezkutuan geratuko diren eraberritze lan batzuk ere egingo ditu Udalak. Hain zuzen, inguratzen duen zonaldean ez bezala, kale azpitik igarotzen diren euri uren eta ur zikinen sareak bateratuak daude egun. Sare hau erdibitu egin nahi Udalak; ur zikinen eta euri uren ibilbidea bereizi.

Lanok ia 102.000 euroko aurrekontua izango dute. Herriko jaiak amaitu eta berehala hasi nahi dituzte, 2016-17 ikasturte berria hasterako, irailerako alegia amaituta egon beharko baitute.

Lanok beste bi fase

Aurrerago gauzatuko dituzte ingurune honetako hurrengo bi faseak. Batetik, Alperro-Buru kaleko 8 zenbakidun eraikin buelta berrurbanizatuko da. Eta Agerialde eta Udarregi Ikastolako eraikin gorriaren artean dagoen mendixkan oinezkoentzako pasabidea egokituko dute. Bidea argiteria eta eserlekuekin hornituko du Udalak, eta honela, Udarregi Ikastolako hezkuntza gune osoa lotuta geratuko da.