Ikasturte amaierako azken entsegu saioa zuten astearte honetakoa. Asteroko ohiturari jarraituz Udarregi Ikastolan bildu ordez, ohiko gelatik atera eta Donostiako Bulebarrean eskaini zuten ikasturteko azken kantu-jira Usurbilgo Kantu Taldekoek, duela bi aste pasatxotik erraustegiaren eta eliteen aurka protesta baketsuan diren Gipuzkoa Zutik ekimenekoen kanpaldian. Modu honetan, Gipuzkoa bizitza duinaren alde zutitzen ari direnekin bat egin eta elkartasuna adierazi zieten, dakiten modurik onenean; kantu, irrintzi eta bertso artean. Abestien artean, ez zen falta izan, erraustegiaren aurkako kanturik; "... baina guztiok batera, erraustegia botatzera, usteltzen hasia dago ta, laster eroriko da. Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola nola, laster eroriko dan".
Bulebarrean abiatu zuten kantu-jirari Alde Zaharrean barrena eman zioten segida, Konstituzio Plazaraino, erraustegiaren aurkako eta birziklatzearen aldeko mezu artean. Abiapuntura itzuli ziren gero. Jexux Mari Errekondo usurbildarrak prestatua zuen bertsoak eman zion amaiera txalo artean, kantu-jira alai eta koloretsuari. "Bizitza ematen diguzue, esker mila Kantujirako lagunak", adierazi die Gipuzkoa Zutik-ek usurbildarrei, sare sozialen bidez.
Jexux Mari Errekondoren bertsoa:
Erraustegia jarri nahi dute
gure sudurran aurrian,
zergatikan ez dute jarri nahi
beren sudur muturrian
guk ez degu nahi beheran
eta hain gutxiago mendian
jartzekotan jarri dezatela
Donostiaren erdian
Jexux Mari Errekondo bertsotan, ondoko bideoan: https://youtu.be/F-gKxM5AoGo