Lagun bat atxilotu eta kanpinak lapurtu arren, Gipuzkoak zutik segiko du

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 15a, 10:08

Goiz mugitua berriz Donostiako Bulebarrean. Gipuzkoa Zutik-eko kanpaldia desegin dute berriz Donostiako Udaltzaingoak eta Ertzaintzak. Kanpinak lapurtu dizkiete eta antza lagun bat atxilotu dute. Baina begi bistako denez, ez dute mugimendua desegin ezta desegingo ere. "Kanpinak lapurtuz mugimendu hau geratu dezaketela uste dute ala?", galdetzen dute Gipuzkoa Zutik-ek. Ezetz diote, beste behin, ez doazela etxera. Eta gaurko ere ekimen gehiago deitu dituzte:

Ekainak 15, asteazkena

17:00 Burujabetza teknologikoa (Arranon).

17:30 Mozal eta penal.

19:00 Egiara kalejira.

19:30 Asanblada (Plaza Haundi).

22:00 Bucket Boys.

Zubietara dator Gipuzkoa Zutik

Erraustegiaren zero gunera gerturatu asmo du Gipuzkoa Zutik-ek larunbat honetan, ekainaren 18an. Zubietara martxa antolatu dute, bertan lo egiteko asmoa dute eta igandean, GuraSOSek Donostian deitu duen desfilearekin bat egingo dute. Egunotan emango dituzte zehaztasun gehiagoren berri.

Buruntzaldea ere Zutik

Hiriburutik Gipuzkoako eskualde eta herrietara hedatzen ari da erraustegiaren eta eliteen aurkako mugimendua. Oiartzun, Astigarraga, Orereta, Irura, Debagoiena, Soraluze, eta orain, Buruntzaldea ere zutitu zaigu. Buruntzaldea Zutik-ek bailara mailako lehen asanblada deitu du ostegunerako, 16:30etan Lasarte-Oriako Okendo plazan. Sare sozialetan orrialdea zabaldu dute. "Telegram kanal bat sortu dugu gure kartel, deialdi, testu eta abarra jaso nahi dituzuenentzako". Twitterren ere kontua zabaldu dute. Honatx helbidea: @buruntzazutik. Andoainen ere babes taldea osatu dute eta egunotarako ekimenak deitu:

-Ekainak 15, asteazkena

19:00 Goiener kooperatiba energetikoaren hitzaldia Basteron.

-Ekainak 16, osteguna

18:00 Mural margoketa umeekin. "Erraustegirik ez".

Askaria.

19:00 Pankarta tailerra.

20:00 Asanblada eta babes argazkia.

-Ekainak 22, asteazkena

19:00 Osoko bilkura: PSOE, Madrilen eta Lasarten errausketaren kontra, Andoainen?.