Biak, bai Usurbilgo Udala eta Elhuyar Fundazioa elkarlanean arituko dira euskararen normalkuntzaren bidean, baita zientziaren eta teknologia gizarteratzearen alde ere. Horretarako sinatu dute lankidetza hitzarmena asteazken goiz honetan Potxoenean, bi erakundeotako ordezkariek; Xabier Arregi alkateak Usurbilgo Udalaren izenean, eta Txema Pitarke de la Torre Elhuyar Fundazioko lehendakariak. Biek goraipatu dute erdietsitako akordioa, eta bi aldeen arteko hartueman onaren adierazgarri dugu, gaur elkarlanean segitzeko hartu duten konpromisoa.
Hitzarmen honen baitan hain zuzen, "Elhuyarrek urteko plan bat osatu beharko du eta bertan udalarekin zenbait lankidetza zehaztuko dira, izan itzulpengintzan, aholkularitzan edo bestelako zerbitzuen bidez. Usurbilgo Udalak 10.000 euroko dirulaguntza eskainiko dio. Usurbilgo Udalak Usurbilen egoitza duen Elhuyar Fundazioak egiten duen lana aitortzen du, eta ahal den neurrian gizartea helburu duten jarduerak lagundu ahal izateko begi onez ikusten du Elhuyar proiektua lagundu ahal izateko hitzarmen hau sinatzea”.