Asteburu honetarako, 11.000 atxikimendu baino gehiago bilduak zituen GuraSOSen manifestuak. Gogoan izan, noiznahi bat egin dezakezue erraustegia geratu eta gu guztion eta datozen belaunaldien osasuna babestea eskatzeko manifestuarekin, gurasos.org atarian sartuta. Taldetik erronka bat ere proposatzen digute; gutako bakoitzak beste 10 lagunen sinadurak biltzea eta hamar pertsona hauetako bakoitzak aldi berean, beste 10 lagunenak eskuratzea. Atxikimendu katea osatu nahi dute modu horretan. Bildutako sinadurak Ahaldun Nagusi Markel Olanori helaraziko dizkiete laster.
GuraSOSen manifestua
Gure txikitxo maitea,
☐Ama, ☐Aita, ☐Amona, ☐Aitona, ☐Izeba, ☐Osaba ☐ Herrikide bat naiz.
Begira, ez zaitut larritu nahi, baina, entzun mesedez, arretaz, esango dizudanak merezi du-eta.
Hortxe, Zubietan bertan, Errealak entrenatzen duen lekutik oso gertu, Erraustegia egiteko asmoa dute, bertan zaborra eta hainbat hondakin erretzeko. Bertatik aterako den kea arriskutsua izan daiteke osasunerako. Bai, halaxe da, igarri duzu, ezta? Kezkatuta nago, bai, eta batik bat zuengan, haurrongan, oraindik hazten, garatzen eta osatzen ari zaretenongan sor ditzakeen eraginengatik.
Kezkatuta nago eta ezinegonik:
Erraustegiaren kokalekua bizi garen lekutik oso hurbil dagoelako (15-20 kilometroko eremuaren barruan).
Erraustegiaren kokalekutik hurbil dauden lurretan landatutako barazkiak eta fruituak jaten dituzulako, edo eta, belardi horietan elikatzen diren abereen haragia eta bestelakoak jaten dituzulako.
Horren ondorioz kutsatuko den itsasoan bainatuko zarelako.
Edota, nahiz eta gure bizilekutik urrun egon, ez nukeelako nahi inoren haurrek ondorio kaltegarri horiek jasaterik. Nire haurrentzat nahi ez dudana, inoren haurrentzat ere nahi ez dudalako.
Horregatik, lehenbailehen, zerbait egin behar dudala pentsatu dut: arrisku horretatik babestuko zaitut, maitea, zin dagizut!! Ez dut onartuko, inondik inora ere, haurren osasuna arriskuan jartzerik! Ez nioke, inolaz ere, nire buruari barkatuko, nire esku dagoen guztia egiten ez badut, gutxi bada ere.
Erabaki dut beste guraso, aitona-amona eta senideekin batera bilduko naizela eta denok batera, elkarrekin, lan egingo dugula, erraustegiaren arriskua gainetik kentzeko.
Zaude ziur: begiratu bi begietara, sinets iezadazu, ez dizut hutsik egingo! Erraustegiaren proiektua geldiarazten saiatuko naiz!
Badakit, gure hondakinen arazoari beste irtenbide bat bilatuko diogula denen artean, posible delako, gizarteak eta gure ordezkariak horretan buru-belarri jarri nahi badute behintzat, gure osasuna eta ingurumena arriskuan jarri gabe!