Haurren babeserako “gizarte hesia" eraikitzeko deia igandean, GuraSOS mugimenduak

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 16a, 09:00

Igande honetan eguerdiko 12:00etan hasita, giza-kate modukoa egingo da Donostian. Antiguako tuneletik abiatuko da eta, Kontxako pasealekuan barrena, Alderdi Ederrean amaituko da. Ekitaldi bat egingo dute amaieran. Desfile gisakoa izango dela adierazi zuten aste hasieran Donostian eskaini zuten prentsaurrekoan. Gurasoei eta jende helduari beltzez joateko eskatzen diete eta gaztetxoei, zuriz.

“Gure haurrak babestuko dituen hesia izan nahi dugu gurasook”. Hala adierazi zuen Joxemari Izetak, GuraSOS taldeko bozeramaleak. “Gure haurrak eta gure gaztetxoak babestuko ditugu. Ez diegu hutsik egingo, gu gara euren hesi-babeslea”. Alderdi Ederreko ekitaldian, osasuna aldarrikatu eta gaia despolitizatzea eskatuko da. “Gizarteari bueltatu behar zaio ardura, eztabaida eta erabakia. Horretarako beharrezkoa da informazio zuzena, independientea, kontrastatua jasotzea. Horrek emango digu benetako erabakiak hartzeko bidea”. Liskar eskenatokiak alde batera utzi eta adostasuna bilatu behar dela adierazi zuen GuraSOS taldeak.

Parte-hartze prozesua zabaldu asmoz, ekimen juridikoa jarri dute martxan

Legea baliatuz, erraustegiari buruzko parte-hartze prozesua irekitzea eskatu du GuraSOS taldeak. Eta horretarako ekimen juridikoa jarri dute martxan. Gaia liskar politikotik atera eta eztabaida gizarteari bueltatzeko garaia dela uste dute. Horregatik, parte-hartze prozesu hori, “ osoa eta benetakoa” izatea eskatu zuten asteleheneko prentsaurreko bidez GuraSOS taldeak. “Gure haurren osasuna jarriko dugu gure lehen interes moduan. Osasuna guztiz bermatuta ez dagoelako”.