GuraSOS: "Osasuna dago jokoan"

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 16a, 12:50

200 ikastetxe, ia 70.000 ikasle arriskuan dira, Zubietan kokatu asmo duten erraustegiagatik. Ez da txantxetako kontua. Gu guztioz gain, aipatu plantaren kalteak, bereziki etorkizuneko belaunaldiek sufritu ditzakete, GuraSOS mugimendutik ohartarazten dutenez. Errealitate gordin hau mapa batean islatu du guraso taldeak, gurasos.org atarian sartuta kontsulta dezakezue. Bertan, ikastetxe bakoitza errausketaren zero gunetik ze distantziatara dagoen ikus daiteke. Arrisku eremuaren mapa, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Saileko txosten batean oinarrituta diseinatu dute.

Lan itzela. Datuokin soilik, argi diote GuraSOS taldetik, “sinestezina da administrazio batek halako proiektu bat bultzatzea”. Are sinestezinagoa, maiatzaren 21ean Hernaniko Orona Ideon antolatu zuten dibulgazio jardunaldian plazaraturiko datuak entzunda. Esaterako, “20 sustantzia kaltegarri inguru egongo lirateke kontrolatu gabe, horiek sortzen dituzten patologiekin”. Datu gogorrak GuraSOS-etik azpimarratzen dutenez, besteak beste, Fernando Palacios zientzialariak azken aldian argitaraturiko txostenetan oinarriturik, Hernaniko jardunaldietan plazaratu zituenak.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea ere gonbidatu zuten hitzordura. Taldeko kide Iñigo Suberbiolak seguru eta aurreratu bezala saldu nahi dizkiguten erraustegi modernoak ere arriskutsuak direla zioen. “Aztertu dituzten ikerketetatik ondorioztatzen dutenez, 15 urteko erraustegien ondorioak eta egungoak oso antzekoak dira”.

Erraustegiaren defendatzaileek, hitz egin nahi ez

Datu askoz gehiagoren berri eman zen Oronan, erraustegiak dakartzan kalteen inguruan. Osasun eta hezkuntza komunitate osoa gonbidatu zuten hitzordura, baina guztiek ez zuten gonbita onartu. Osasun publikoko arduradunak ere hizlari moduan parte hartzea nahi zuten GuraSOSek. Azken unera arte, ordezkariren bat bertaratzea lotzeko ahalegina egin arren, ez zen inor agertu azkenean. “Hutsune hori guretzat esanguratsua izan zen. Gure helburua denei informazioa emateko aukera eskaintzea zen. Ez genuen lortu”, adierazi digute, informazioa zabaldu eta eztabaida sustatzeko Oronan eginiko jardunaldion antolatzaileek. Osasungintzako eta hezkuntzako zenbait profesionalengana jo dutenean ere beldurra sumatu dute, jardunaldioetan parte hartzeak haiengan izan dezakeen ondorioengatik. “Eta horrek guri ere kezkatzen gaitu. Gure helburua informazio zabala eskaintzea izan da”, adierazi dute GuraSOSetik.

Jardunaldiotan jasotako informazioa zabaldu nahi dute orain. Gai honi buruzko eztabaida jendartean sustatu, eta orain arte eztabaida honetan parte hartu ez dutenak ere inplikatuarazi. “Erraustegia defendatzen dutenak ez dira sartzen eztabaida honetan. Zergatik? Kezkagarria da”, diote GuraSOSetik.

Gipuzkoara hedatu nahian

Denbora gutxi daramate, baina GuraSOS mugimenduaren sarea zabaltzen doa. Denbora gutxian, Andoainen, Hernanin, Donostian, Igeldon, Lasarten, Usurbilen taldeak osatu dituzte, Orion ere sortzeko lanetan dabiltza. Baina kontzientzia maila altuagoa izan eta errausketaren zero gunetik hain gertu dagoen ingurune hau gainditu eta hiriburura edota Gipuzkoara zabaldu nahi dute euren mezua. Donostiara hasteko, hiriburuko lurretan eraiki asmo baitute erraustegia. Baina honez gain, gogorarazten dutenez, “Donostia osoa arrisku eremuaren baitan dago, gu bezalaxe”. 2-10 kilometro artean eragingo omen du gehien, erraustegiak. Hiriburu osoa harrapatzen du.

Erraustegiak ekar ditzakeen kalteak agerikoak dira, “beraz babestu behar dugu” diote eurena, guztiona, baina batez ere etorkizuneko belaunaldien osasuna babestea nahi duten GuraSOSetik. Hondakinen kudeaketaren gaian adostasun batera iristea eskatzen dute, beti ere guztion osasuna arriskuan jarri gabe. Eta azken hitza, gizarteak berak izan dezala galdegiten dute. Kontzientzia piztu nahi dute guztiongan, erraustegiak dakartzan kalteez. Eta erraustegia bultzatzen ari direnei, arrisku ebidenteon aurrean, prebentzio eta babes printzipioak aplikatzea eskatzen diete. “Osasuna dago jokoan. Europak 2020rako birziklagarriak diren hondakinak erraustea debekatuko du. Gure herrikoak azken erraustegia izan behar al du?”, galdetzen dute.