Izeberg taldeak disko berria aurkeztuko du ostiralean, Usurbilgo Gaztetxean

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 16a, 11:00

“Lurrik ez begibistan” izeneko lana aurkezteko lehen kontzertua ostiral honetan eskainiko dute. Gaueko 23:00etan, Zaparra taldekoekin batera. Sarrera, doan. Honatx taldeak NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketa.

NOAUA! Konposizioan, grabazio prozesuan, diskoaren estetikan... Mimo handiz prestatu duzuen diskoa dela esan daiteke, ezta?

Bai. Beti izan gara konposizioa edo alde musikala asko zaintzekoak, baina disko honetan beste faktore guztiei merezi duten atentzioa ematen saiatu gara, disko borobil bat egiteko asmoz.

Noiz hasi zineten lan hau prestatzen? Nolakoa izan da diskoaren prozesua?

Diskoaren prestaketa Azalera kaleratu eta denbora gutxira hasi zela esan daiteke, lehenengo ideiak agertzen joan ziren heinean. Baina azken urtea buru-belarri eman dugu honetan. Astero hiruzpalau saio egin ditugu denbora tarte honetan, eta kantuek zer nolako eraldaketa izan duten ikusteak lagundu digu ilusioa mantentzen.

Haritz Harreguyren estudioan aritu zarete. Nolakoa izan da grabazio prozesua? Haritzek kantuei egin dien ekarpenarekin pozik zaudete?

Haritz laguna dugu lehenagotik eta honek grabazio-prozesuan naturaltasunez eta konfidantzaz jokatzen lagundu digu. Momentu gogorrak izan ditugu noski, baina orokorrean oso eroso sentitu gara grabaketa prozesuan, etxean bezala. Gainera Haritz proiektuan barruraino sartzen den horietakoa da eta gure diskoarekin ahalegin extra bat egin duela iruditu zaigu. Psikologo tarifa ez baitigu kobratu!

Higain estudioa San Estebanen dago. Etxean bertan grabatzeko aukera izan duzue. Bertatik bertara aritzea luxu handia izango da, ezta?

Egia esan, izugarria. Beste talde asko ezagutu ditugu ahalegin handiak egin behar izan dituztenak diskoa grabatzeko: hilabete oso batean zehar egunero kilometro pila bat egin, lanean ari diren bitartean... Gure kasuan estudioa bertan genuen, etxean bazkaldu eta afaldu dugu, Haritzekin batera igotzen ginen eta bakarka ginenean, San Estebango aldapa igoerako abiadura errekor berriak ezarri ditugu! Kar kar kar!

Beñat Gaztelumendi Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako irabazleak hiru letra idatzi ditu. Jokin Labayen eta Haritz Casabal bertsolariek ere bana idatzi dute. Ixak Arruti bertso saio musikatuetan aritzen da. Akaso hortik dator bertsolariekiko joera?

Ixak eta Antton, biak aritzen dira bertso musikatuetan eta horrek ireki dizkigu beraienganako ateak. Luxuzko bidelagunak ditugu, ezin dugu ukatu eta oso gustura gaude emaitzekin.

Diskoaren azala,

Joseba Larratxek egina

NOAUA! Portada-egilea ere, gertukoa duzue.

Bai, bagenekien Joseba Larratxe usurbildartuta dabilela eta bere lanak ikusita ideia polita izango zela erabaki genuen. Berak proposatu zigun diskoaren diseinua bere anaia Mikelen bitartez egitea eta guretzako ohore bat da Larratxetarrak elkarlanean sortu duten lehenengo diskoa izatea. Oso gustura gaude. Diskoak badu atentzioa deitzen duen zerbait, eta ondoren detaile asko daude deskubritzeko. Bide batez, harro esan dezakegu “Kilometro 0 diskoa” atera dugula!

Aurkezpen kontzertua, ostiral honetan Usurbilgo gaztetxean

NOAUA! Lehen inpresioan, diskoa samur antzean hasten da baina gero lurralde ilunetan murgiltzen da Izeberg (estilistikoki, musikalki). Akaso bada zuen ezaugarria, doinu arinagoak zein gogorrak uztartzeko duzuen berezko joera.

Kanta bakoitzak bere mundutxoa sortzen du minutu gutxi batzuetan eta diskoan oreka bat mantentzen saiatu gara. Gure beste taldeetan izan ez dugun argitasun puntua du Izebergek eta horrek aberastu egiten du.

Kazetariok etiketatzeko joera dugu. Rock melodikoaren etiketa gustuko al duzue? Nola definituko zenukete Izeberg taldearen eskaintza.

Topiko bat den arren, gu ez gara oso etiketa zaleak. Batez ere, ez dakigulako jartzen! Kar kar kar! Hasiera batean guk pop-rocka esaten genion baina behin baino gehiagotan “Izebergek nun du ba popa?” esan izan digute eta horren harira rocka esan diogu eta kitto! Bestalde, melodikoa ere bada, noski. Beraz norberak dei diezagula nahi bezala.

Beste talde batzuetan ere bazabiltzate. Horrelakoetan, nola antolatzen zarete? Dena konpatibilizatzea erraza al zaizue?

Ez da erraza, batez ere Izebergi eskaintzen diogun ordu kopurua kontuan hartuta, baina nola edo hala aurrera goaz beste proiektuetan ere eta saiatzen gara ahalik eta eragin txikiena izan dezan talde batek besteengan. Baina baditu abantailak ere, talde batekin sortze-lanetan lokalean giltzapetuta zauden bitartean, bestearekin zuzeneko harra kendu ahal izatea gozamena da.

Ostiralean, gaztetxean

Lurrik ez begi bistan diskoa laster hasiko zarete zuzenean aurkezten. Data batzuk aurreratzerik bai?

Diskoaren aurkezpen kontzertua Usurbilgo gaztetxean emango dugu, ekainaren 17an, eta horren ondoren ekainaren 28an Lasarteko festetan, uztailaren 2an Asteasun, 10ean Iruñean, 15ean Oñatin eta 16an Añorgan joko dugu. Abuztuaren 5ean San Estebango festetan joko dugu gainera, gure diskoa jaio den auzoan, denok gonbidatuta zaudete!