Herriko jaien baitan, uztailaren 2an ospatuko den kantu-zikiro janerako txartelak salgai jarri dituzte jada, Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan, 25 eurotan. Ikasle eta langabetuek 15 eurotan eskuratu ahalko dituzte. "Txartel mugatuak! Ez izan azkena erosten!" ohartarazi dute antolatzaileek. Usurbilgo Kantu Taldeak eta Kuxkuxtu txarangak girotuko duten herri bazkaria, uztailaren 2an, 14:00etan Askatasuna plazan izango da.
Gazte bazkarirako txartelak
Jaien baitan, uztailaren 1ean ospatuko den Gazte Eguneko bazkaritarako txartelak ere aurrez eskuratu beharko dira. Aitzagan eta Irratin eskuragarri jarriko dituzte laster.
Santixabeletako jubilatuen bazkaria
Uztailaren 3rako antolatu dute, iganderako honenbestez, Atxega jauregian. Bazkaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Ekainaren 21ean jarriko dituzte salgai, Artzabalgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea edo Aginagako Arrate jubilatu egoitzetan, baita Usurbilgo Udaleko Gizate Zerbitzuetan ere. Bazkaritara joan ahal izateko 60 urte beteta edo aurten betetzea eskatuko da. Usurbilen erroldatua egotea ezinbestekoa izango da. Bi salneurri finkatu dituzte; 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte txartelak, 60-65 urte artekoek; 10 eurotan, 65 urtetik gorakoek.
40. Bertsopaper Lehiaketako sariketa
Kolokan egon da ekitaldia, baina azkenean ospatuko da. Asteazkenean itxi zuten, Santixabeletako 40. Bertsopaper Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Aurkeztu diren lanen artean onenak saritzeko unea da orain. Ekainaren 23an ezagutuko dira sarituak, arratsaldeko 19:00etan Sutegiko auditorioan ospatuko den ekitaldian.
Egitaraua eta gehigarria, astebete barru
Jaietarako bi aste baino ez dira geratzen. Datozen festetan izango dugunaren berri zehatzago, astebete barru jasoko duzue. Batetik, Usurbilgo Udalak Intza Salsamendi herritarrak diseinaturiko egitaraua banatuko du etxez etxe, ekainaren 23, 24 aldera. Eta egun horien bueltan jasoko duzue baita, NOAUA!ren festetako gehigarri berezia.