Altza Porru komiki liburua, Bizi baratzea liburuaren ondokoa

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 16a, 20:04

Jakoba Errekondoren 'Bizi baratzea' (Argia) liburuak ekarri du 'Altza porru' (Argia), gaur arratsaldean aurkeztu den komiki liburua. Hernaniko Karabeleko ekonekazaritza etxalde esperimentalean egin den agerraldian, Idoia Torregaraik, Joseba Larratxek eta Jakoba Errekondok berak berak hartu dute parte, besteak beste. Liburua dagoeneko salgai da.

Jakoba Errekondok baratzearen sekretu guztiak deskubritu zizkigun iaz Bizi Baratzea liburu arrakastatsuan. "Lantzen dugun lurrarekiko ikuskera aldarazi digu gehienoi, eta beste askori jakinmina eta grina piztu. Orain, zaleak eta irakurleak zain zeuden bigarren lana kaleratu dugu: Bizi Baratzea, Altza Porru", Argiak igorritako prentsa-oharrak dioenez.

Liburu berriak osagai nagusi hau du: umorea. Euskal Herrian aski ezagunak diren zortzi marrazkilari elkartu eta lanean jarri dituzte, Jakoba Errekondorekin eman eta hartuan: Antton Olariaga, Asisko, Unai Iturriaga, Ainara Azpiazu, “mattin” martiarena, Joseba Larratxe, Unai Gaztelumendi eta Zaldieroa. Irudi eta komikien bidez, baratzea mundu askotarako atari izan daitekeela erakutsiz.

Liburuaren atarikoa Maialen Lujanbiok egin du, ohikoak dituen burutazio eta idazkera zorrotzekin. Idoia Torregaraik, berriz, Jakoba Errekondoren profil edo karikatura bitxia osatu du.