Erraustegia Erabakia herri plataformak deituta, Udarregi Ikastolan batzartu da herritar talde bat, erraustegiari buruzko herri galdeketarekin zer egin erabakitzeko. Gogoan izan, 1.185 herritarrek eskatutakoaren aurka, Espainiako Gobernuak Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko galdeketa antolatzea debekatu ostean, Udalak herritarren esku utzi zuen gaia. Orain zer egin erabakitzeko, larunbat honetan 11:00etan Udarregi Ikastolako eraikin gorriko erdiko aretoan egingo duten batzar irekira deitu ditu herritarrak Erraustegia Erabakia herri plataformak. Erraustegiaz azken hitza usurbildarrek izan dezaten lanean segitzen duen bilgunetik azpimarratzen dutenez, “hartu beharreko erabakia herriak hartu behar duela uste dugu”.
Hemendik aurrerako pausoak finkatzen hasi nahi da larunbateko batzarrean?
Erraustegia Erabakia: Galdeketarekin zer egin erabaki behar dugu; Madrilek emandako ukoarekin konformatu eta galdeketaren gaia baztertu, edo galdeketarekin aurrera segi, baina beste era batean. Udalak ez badu egiten, herriak egin beharko luke, beste esparru batzuetan egiten ari den moduan. Hor dago Gure Esku Dagoren esperientzia. Batzar horretan baloratu beharko dugu zer lan suposatzen duen galdeketa hori egiteak herriarentzat. Batzarrera datozen guztiek iritzia eman ahalko dute, azkenean denon artean erabakia hartzeko.
Gure Esku Dagoren esperientzia baliagarria litzateke kasu honetarako?
Erreferentzia bat bada dudarik gabe, baina desberdina da. Hitz egin dugu Gure Esku Dagoko zenbait kiderekin. Badira gauza asko balio dutenak, baina beste batzuk jada esan digute, beste era batera egin beharko liratekeela, formatu txikiago eta sinpleago batean. Dena den, hori guztia larunbateko batzarrean aztertu beharko dugu; nola egin dezakegun, eta hori ikusita, galdeketa egin edo ez.
Udal esparrua gainditzen omen duelako debekatu du galdeketa Espainiako Gobernuak. Zer balorazio egiten duzue debekuaz?
Erabili duten argumentua oso ahula da. Ezin da esan Udal batek bere eskumen bat mankomunitate bati uzteagatik, eskumen hori galdu duenik. Udalak beti erabaki dezake eskumen hori berreskuratzea. Udalak utzi zuen hondakinen bilketa mankomunitatearen esku eta gero eskumen hau berreskuratu du. Eta udal honek egin duen moduan, beste askok egin dute. Madrilek erabilitako argumentu hori oso ahula da. Dena den, hori aitzakia beste ezer ez da izan. Honen atzean arrazoi politiko oso sakonak daude. Erraustegiaren inguruko galdeketa bat ez onartzeko arrazoi nagusia, ez da erraustegiaren proiektua kolokan jartzea. Horrelako galdeketekin kolokan jartzen dena ez da bakarrik erraustegia, sistema politikoak duen defizit demokratikoa agerian geratzen da. Bizi dugun partitokrazia hau jartzen du kolokan, egun dugun sistema politiko osoa, eta hori ezin dute onartu. Elite politiko-ekonomiko bat bada, non erabakiak gutxi batzuen mesederako hartzen dituzten. Sistema hau sustatzeko partiduen eta enpresa handien arteko konplizitatea dago, eta horren oinarrian dago horrelako proiektu handien kudeaketa. Beren kezka nagusia horrelako galdeketa baten aurrean ez da erraustegia egingo den edo ez, bere kontrolpean dagoen sistema politiko honetan irekitzen den pitzadura baizik.
Eta erraustegiak hori guztia sinbolizatzen du.
Bai. Gipuzkoa Zutik ekimenak oso ondo seinalatu du zein den hemen arazoa. Gertuko arazoa erraustegia da, baina horren atzean arazo handiagoa dago. Zergatik dugu erraustegiaren arazoa? Gutxiengo batek, elite batek kontrolaturiko sistema politiko honen ondorioa da erraustegia. Galdeketa antolatzeko debekuaz ere honakoa aipatu behar da. Beti esaten da Madrilek emandako ukoa dela. Kontuz, ukoa Madriletik etorri da baina bere jatorria ez dago Madrilen. Ukoa Aldunditik eman da, Gipuzkoatik atera da uko hori, PSE, PNV eta PP hirukotik. Madrilek emandako erantzuna Gipuzkoako Aldunditik agindu da. Madrilek eskatu ditu txostenak eta txostenak egin dituena Gipuzkoako Aldundia izan da.
Galdeketa onartzeko egin zen Usurbilgo osoko bilkuran, oposizioko udal taldeei posizionatzea eskatu zenieten. Eskaera horrek jaso du erantzunik?
Ez. Osoko bilkura hartan ikusi genuena tristea izan zen. Une horretan ez ziren herriko ordezkariak, bere partiduen ordezkariak baizik. Ez baitzituzten defendatu herriaren interesak, beren partiduen interesak baizik. Beren alderdien egituren aurrean, herriaren interesak defendatzeko erakutsi zuten ausardia faltak tristura eragin zigun. Beraiek badute lan polit, interesgarri eta mesedagarria egiteko aukera, herri honen alde; beren partidu barruetan eztabaida zabaltzea, inposaketak baztertzea, eta erraustegiak zer suposatzen duen ondo aztertzea. Une honetan, EAJ-PSOE-PP hirukoa gure osasunarekin jolasten ari da, beren interesak babesteko. Hori onartezina da edonorentzat. Hori ez da kontu politiko bat une honetan, osasun kontu bat baizik. Edozein izanda ere gure ordezkari baten kolore politikoa, gure osasuna defendatu behar du. Eta gure ustezko ordezkariek ez zuten hori egin osoko bilkura hartan.
Galdeketak jorraturiko bidea
2015/10/30: Erraustegia Erabakia herri plataformaren agerraldi aurkezpena, Mikel Laboa plazan.
2015/11/07: Erraustegia Erabakia jendaurrean aurkezteko lehen batzarra egin zuten Potxoenean.
2015/11-2016/01: Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea eskatzeko sinadurak biltzen aritu zen herri plataforma.
2016/01/30: 1.185 usurbildarren sinadurak bildu ostean, sinadurok Usurbilgo Udalari entregatu zizkion Erraustegia Erabakia herri plataformak.
2016/02/23: osoko ohiko bilkuran, gehiengo osoz herri galdeketa eta galdera onartu zituzten gehiengo osoz: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?".
2016/03/04: Usurbilgo Udalak erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko eskaera luzatu zion Espainiako Gobernuari.
2016/05/13: erraustegiari buruzko herri galdeketa egitea debekatu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak.
2016/05/19: debekuaren aurrean, Usurbilgo Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuliko diela jakinarazten du.
2016/06/18: Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuli ostean, batzar irekia deitu du Erraustegia Erabakiak 11:00etan Udarregi Ikastolako erdiko aretoan.