Eskubaloi taldeen elkarteak batzarra deitu du larunbat goizeko 11:15ean Sutegin. Ostiral honetan bestalde, 2016-17 kirol urterako nesken talde berriak osatzeko entrenamendu saioa antolatu du Usurbil F.T.-k Haranen. Usurbilgo 44. Pilota Txapelketako jardunaldi berria ere ospatuko da. Honatx, asteburuko kirol agendak dakarrena:
2016-17 denboraldirako prestaketa lanetan da Usurbil F.T. Nesken taldeak osatu nahi ditu, kadete, jubenil eta erregional mailan. Animatzen zareten guztiokin, entrenamendu saioa antolatu dute gaurko Haranen:
Ekainak 17, ostirala
18:30 Nesken futbol taldeak osatzeko entrenamenduak Haranen: "Kadete, jubenil eta erregional mailako nesken taldeen aldeko apustua eginez, adin horietako neskei deialdia luzatzen diegu entrenamendu saiora".
Antolatzailea: Usurbil F.T.
Usurbil Cup, irailean
Iaz Kilometroak jaialdia zela eta, ekainera aurreratu bazuten ere, aurtengo ediziotik hasita, Usurbil Cup ekimena etorkizunean irailean antolatzeko asmoa du Usurbil F.T.-k. Datorren ediziorako izen emateko epea ekainaren 3an itxi zuten. Lehen Hezkuntzako lehen mailan ikasten ari denetik hasi, DBH 2an dabiltzanengana dago zuzendua kirol ekimena. Inskripzio epea igarota zabalduko omen dute informazio gehiago, Usurbil F.T.-tik.
Usurbil K.E.-ren batzarra larunbatean
"Garrantzizko erabaki asko hartuko dira etorkizunari begira eta jokalari, guraso, entrenatzaile, zaletu eta bazkide guztiei dei egiten zaie bertaratu daitezen", luzatu dute gonbita.
Eguna: ekainak 18, larunbata.
Ordua: 11:15.
Tokia: Sutegiko auditorioa.
Gai zerrenda:
1-Lehendakariaren agurra.
2-2015-2016 denboraldiaren balantzea.
3-2016-2017 denboraldirako aurreikuspenak eta proposamenak.
4-Bazkideen eta besteen proposamenak.
5-Galdera-erreguak.
Deitzailea: Usurbil K.E.
Herri afarirako txartelak salgai
Denboraldi amaieran da eskubaloi taldeen elkartea. Ohi bezala, festa giroan agurtuko dute 2015-16 ikasturtea, ekainaren 25ean, elkarte kideen arteko lagun arteko eskubaloi partiden eta sariak banatuko dituzten herri afari baten bueltan. Ekainaren 25ean ospatuko duten egunean, herri afaria antolatu dute Askatsuna plazan. Txartelak salgai dituzue Bordatxon eta Aitzagan ekainaren 22ra arte edo txartelak agortu arte. 14 urtez azpiko haurrenak 10 eurotan, 14 urtetik gorakoena 20 eurotan.
Estitxu Berasategi Eizagirre, Europara
Espainiako Selekzioko hitzorduetan parte hartzeko gonbita jaso du berriz. Oraingoan ordea, urrutira doa:
-Ekainaren 26tik uztailaren 9ra Suediara Europako Txapelketa jokatzera.
-Uztailaren 15etik 17ra Kroaziako Torneoa jokatzera.
-Eta uztailaren 18tik abuztuaren 1era Eslovaquiara, Munduko Txapelketan parte hartzera. Uda mugitu askoa datorkio Usurbil K.E.-ko jokalariari.
Usurbilgo 44. Pilota Txapelketa
Ekainak 17, ostirala
19:30 Usurbil frontoian:
Otxandorena-Landiribar - Mikel-Altuna.
Ekainak 19, igandea
12:30 Usurbilgo frontoian:
Santxo-Elola - Azketa-Atxa