Milaka lagun erraustegia alboratu eta osasuna bermatzearen alde, GuraSOSen desfilean

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 19a, 15:15

Desfile luzea izan da Donostiakoa. Begiratzen hasi eta amaigabea, haur eta helduen ilara. Etenik gabekoa zen, Antiguako oinezkoen tuneletik irteten ari zen jendetza. Pentsa, mobilizazioaren buruan zihoazenak Alderdi Ederren zirela, desfileko azken kideak Perla parean ziren.

Datu bat baino ez, GuraSOSek igande honetan Gipuzkoako hiriburuan eragin duen mugimenduaren adierazgarri. Milaka lagunek parte hartu dute, osasuna bermatu, erraustegia alboratu eta hondakinen arazoari irtenbide adostu bat eskatzeko guraso taldeak deituriko desfilean. Antolatzaileak pozik, "Haurren Babeserako Famili eta Giza Hesia" eraikitzeko deialdiak izan duen arrakasta ikusita. "Gaurkoa ikaragarria izan da, eskerrik asko guztioi!", adierazi dute GuraSOSetik.

Ez da izan desfile koloretsua, eta ez da kasualitatea izan. "Konturatuko zineten heldu guztiok beltzez jantzita gatozela; kezkatuta gaudelako da, osasuna arriskuan ikusten dugulako, gatazka eta liskar egoera bizi dugulako, eta horrek beltzez janztera eramaten gaitu", argitu du GuraSOSek mobilizazio amaierako ekitaldian.

Haurrak aldiz zuriz jantzita ikusi ditugu, "gure etorkizuna zaretelako, itxaropena eta xalotasuna irudikatzen dituzue, eta zuengatik, hondakinen gaian gatazka eta konfrontazio egoeratik akordio eta adostasun egoerara igarotzen ahaleginduko gara".

Esanguratsua, mobilizazioan parte hartu duten milaka lagunen janzkera, baita mobilizazio buruan eraman duten pankarta ere. Esanguratsua, eta kezkagarria. 201 ikastetxe, 69.119 haur daude egun, erraustegia nahi duten arrisku eremuaren baitan. Hasi Urola Kostatik eta Oarsoaldera. Donostialdetik, Buruntzaldea igaroz, Tolosalderaino. Ia 70.000 haurren osasuna eta etorkizuna jokoan, Foru Aldundiak eraiki nahi duen erraustegiagatik.

GuraSOS sarean

gurasos.org

Facebook: Gura sos

Twitter: @tgurasos

Irudia: GuraSOS