Erraustegia alboratzea eta guztion osasuna, modu berezian datozen belaunaldiena lehenestea, horixe eskatu du GuraSOSek Donostian antolatu duen desfile amaieran. "Gure ongizatzea zaintzeaz" arduratu behar duten agintariei, berandu baino lehen eta babes eta prebentzio printzipioetan oinarrituz, erraustegia eraikitzeko erabakia albora dezatela eskatu die guraso taldeak. Informazio zuzena eman eta eztabaida sustatzea galdegin dute baita. "Eseri, iritzia eman, informazioa egiaztatu eta eztabaida dezatela". Bestelako interesak alboratu, eta osasuna eta herritar guztiak ardatz izango dituen "akordio eta adostasuna bilatuko duen topagunea ahalbidetzea" eskatu dute. Gaia despolitizatu, gizarteratu, birbideratu eta guztiok batera osasunaren alde adostea.
"Egin dugun lanak eman du bere fruitua"
Familia baten arteko elkarrizketa bat irudikatu dute mobilizazioaren amaieran. Bi gurasok ondoan zuten haurrari bere eta gainerakoen osasuna babesten gogor ahaleginduko direla hitz eman die. "Egin dugun lanak eman du bere fruitua. Begira dagoeneko zenbat pertsona elkartu garen! Begira, hor daude, aitona, amona, osaba, izeba, gure lagunak... Zu bezala beste 69.000 haur inguru izan daitezke erraustegiaren eragina jasoko dutenak. Eta hemen gaude guztiok, eragin eremuan bizi garenok zein urrutiagoko gipuzkoarrok, denok, lan egingo dugu zuen osasuna babesteko", adierazi dute GuraSOSetik.
Erraustegiak ekar ditzakeen kalteez kezkatua daudenak geroz eta gehiago direla nabarmentzen dute guraso taldetik. Argi utzi dute, ez dute etsiko. Ez dute inolaz ere seme-alaben osasunaren aurkako inongo arriskurik onartuko. "Denon artean lortuko dugu! Zailena egin dugu jada. Ez dugu etsiko nahi eta behar dugun informazioa eta eztabaida lasaia eta sakona egon arte. Ziur gaudelako informazio osoa jasotzen dugunean, inork ez duela nahiko zuek arriskuan jartzerik", adierazi dute.
Parte-hartze prozesua
Aste hasieran iragarri zuten moduan, erraustegiari buruzko benetako parte hartze prozesua irekitzeko ekimen juridiko bat abiatuko du GuraSOSek. Erraustegiaren inguruko informazioa, kontrastea, eztabaida eta elkarrizketa bultzatuko dituena. Ez Aldundiak martxan jarri duena bezalakoa, "bertan ez da eztabaidatuko erraustegia eraikitzea edo ez. Erabaki hori kanpoan uzten duen parte-hartze prozesuak ez dio erantzuten Gipuzkoako gizartea eskatzen ari denari eta gizarteak ez daki beragan eragina duten erabaki publikoetan parte-hartzeko eskubidea duela".