Ia 13.000 lagunek bat egin dute jada GuraSOSen manifestuarekin

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 19a, 12:54

Milaka lagunek parte hartu duten Donostiako GuraSOSen desfileak utzi digun beste irudia duzue honakoa. Jende mordoa, erraustegia alboratu eta gu guztion osasuna babestea eskatzeko guraso taldeak kaleratua duen manifestua sinatzen. Mobilizazioa Antiguako tunelean abiatu aurretik atxikimenduak biltzen aritu dira. Kontxako badian zehar osatu duten bidean, lau haizeetara zabaldu dute manifestuaren edukia bozgorailuetatik, bost hizkuntzatan. Une horretan aurrera eta atzera paseoan zebiltzan bertako nahiz atzerritar guztiek entzun eta ulertu ahal izan dute, GuraSOS aldarrikatzen ari zena.

Eta ekitaldi amaieran, Alberdi Ederren, Donostiako Udalaren atarian, sinadurak biltzeko mahai luze bat jarri du GuraSOSek. Etengabekoa izan da jendearen joan etorria. Igande goiz honetarako, Donostiako ekimena abiatu aurretik, 11.000 lagunek baino gehiagok babesa adierazia zion GuraSOSen manifestuari. Kopuru hau naharmen igo da, ia 13.000 sinadura bildu dituzte jada.

Sinadura katea

Gogoan izan, noiznahi bat egin dezakezue erraustegia geratu eta gu guztion eta datozen belaunaldien osasuna babestea eskatzeko manifestuarekin, gurasos.org atarian sartuta. Taldetik erronka bat ere proposatzen digute; gutako bakoitzak beste 10 lagunen sinadurak biltzea eta hamar pertsona hauetako bakoitzak aldi berean, beste 10 lagunenak eskuratzea. Atxikimendu katea osatu nahi dute modu horretan. Bildutako sinadurak Ahaldun Nagusi Markel Olanori helaraziko dizkiete laster.