Zubietan ere, Gipuzkoa Zutik

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 20a, 08:45

Zubietan ere Gipuzkoa zutitu da. Hiru aste bete dituen erraustegiaren eta eliteen aurkako protesta baketsua Donostiatik bizikletaz heldu zen larunbat arratsaldean Zubietara. Errausketaren zero gunera igotzeaz gain, aldarrikapena modu alai eta koloretsuan plazaratu zuten gero Zubietan.

Aurrera begirako erronkez

Erraustegiaren eta makrokartzelaren zero gunea bisitatu ostean, Zubieta herrian gaioz solasteko tartea hartu zuten frontoira bertaratu zirenek. Hasteko erraustegiaz jardun zuen, bi zubietarrek, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduko eta Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeko (OEIT) kideek. Bakoitzak urte luzeotan orain arte egindako lanketa azaldu zuen.

Eta aurrera begira ere jarri ziren. Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik Foru Aldundiak iragarri duen Hondakinen Kudeaketa Planaren luzapenari helegiteak aurkezteko gonbita luzatu zuten. "Ahal den gehienak aurkeztea beharrezkoa da" zioten. Hilaren 24an itxiko dute epea. Abiatzear dugun uda honetako jaietan egoteko asmoa du aipatu mugimenduak. Eta oraindik zehazteke duten arren, iraila amaierarako Erraustegiaren Aurkako Eguna antolatzekotan dira.

Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldeak berriz, azken hilabeteotan herriz herri eskaini duten hitzaldien zikloa maiatzerako amaitzea aurreikusten zuen. Baina halako saio gehiago antolatzeko eskariak jasotzen segitzen du OEIT-k. Honenbestez konferentzien fasea luzatu egingo dute. Bigarren lan lerro bat ere iragarri zuten; nazioarteko ingurumenaren aldeko eta erraustegiaren aurkako mediku taldeekin hartuemanak estutu eta batzuek eta besteek duten informazioa partekatu nahi dute.

Makrokartzelaren beharrik ez

Inguruko beste estatuekin alderatuta, delitu gutxien baina preso gehien dituen estatua da espainiarra. Azalpen argia du horrek; zigor kodea gogorregia da. Hala zioten, Zubietan eraiki nahi duten bezalako makrokartzelen aurka, urte luzez lanean dabilen plataformako kideek, larunbatean Zubietan eskaini zuten hitzaldian. Bestelako justizia eredu bat bultzatzeko beharra nabarmendu zuten, gizarteratzea landuta eta Zubietan proiektatzen dena baino espetxe txikiagoekin. Egungo errealitate gordina plazaratu zuten; "Estatuko preso piloa" asumitzen ari dira Euskal Herriko espetxeak, eta bitartean, "hemengoak kanpoan".

Erraustegiaren kasuan bezala, argi denez, Zubietan eraiki asmo duten makrokartzelaren beharrik ez dela zioten. Aipatu zituzten "beste alternatibak planetatu zitezkeen, espetxe gehiago eraiki gabe". Baina kasu honetan ere, interes ekonomikoak daude honen guztiaren atzean. 90. hamarkadaren hasieran PSOEren Espainiako Gobernuak makroespetxeak eraikitzeko plana aurkeztu zuen. 32 zentro egitea planteatu zuten. Esan beharrik ez, enpresa mordoa dagoela egitasmootan interesaturik.

"Lurra" ikuskizuna

Errausketaren zero gunea, erraustegiaren aurkako herri plataformek inguratua dute. Martxan diren bilguneen artean da, Aiztondokoa. "Lur" kultur ikuskizuna landu dute. Larunbatean plazaratu zuten Zubietan, "erdian lurra edo erraustegia, bietako zein jarrita, sortzen dugun bizitza zikloa lantzen duen emanaldi zirikatzailea. Antzerkia, bertsoa, musika, dantza... lotzen dituena". Ikuskizuna, 2011ko Zubietako Flashmoba dantzatuz amaitu zuten.

Gaua Zubietan

Herri afariarren ostean, larunbat gaua Zubietan egin zuen Gipuzkoa Zutik-ek. Gaurko GuraSOS mugimenduak Donostian antolatu duen desfilearekin bat egin zuten kanpaldikoek. Aurretik Belartzara martxa egin eta gero, eguerdian, errefuxiatuen aldeko manifestazioan parte hartu zuten. Arratsalderako asanblada deitua zuten, "hemendik aurrera egingo dugun bidea adosteko".

Hiru aste bete ditu jada Gipuzkoa Zutik-ek. Hiriburuaz gain, herrialdea ere zutiarazten ari den ekimenak.

Gipuzkoa Zutik

Facebook: Gipuzkoa Zutik.

Twitter: @GipuzkoaZutik.

Buruntzaldea Zutik

Twitter: @buruntzazutik