Usurbil ondoko Errekatxulo ingurua, mehatxupean

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 19a, 11:23

Erraustegia bezala, Donostiako lurretan egon arren, usurbildarrok badugu beste triskantza gune bat, muga-mugan; Belartzakoa. Errekaldera bidean, Urbil aldera joateko dagoen errotondaren bueltan. "Urbilgo errotonda ondoko harrobi zaharrean Mercadona bat eta McDonald's bat eraikitzen hasi dira", ohartarazi du Eguzkik.

Lanak berriz hasi dituzte, bi astez behin behinean geldirik egon ostean. "Kontua da eraikitzen hasi zirela eta, bide batez, pistak eta bete-lanak egin zituztela aldamenean dagoen paraje natural batean, Errekatxulo izenekoan. Paraje horretan industrigune bat egin nahi dute: Belartza II (Belartza I Decathlonena da). Nolabait esateko, harri batekin bi txori bota nahi izan dituzte. Hori bai, dena legez kanpo. Izan ere, Errekatxulon bete-lanak hasi zirenean, bertako bizilagunek eta talde ekologistek batera eta bestera jo eta oinarrizko baimenik ere ez zutela agerian utzi zuten. Donostiako Hirigintza zinegotziak salaketak behin eta berriro ukatu dituen arren, azkenean amore eman behar izan du eta lanak gerarazi, behin-behinean. "Paperak behar bezala egiteko hamabost egun baino ez", esan du. Bioaniztasunaren aldetik, Errekatxulo paraje aberatsa da berez, baina, horrez gain, inguruan diren beste paraje aberatsen arteko lotura bermatzeko ere garrantzi handikoa da", berri eman dute Eguzki taldetik.

"Bizilagunok eta ekologistok ez dugu amore emango"

Belartzan egiten ari direna bertatik bertara ikusi eta ezagutzeko martxa antolatu du Eguzkik igande goiz honetan. Bertako bizilagunek. Gipuzkoa Zutik-ek eta Gipuzkoako talde naturzaleen sareak ere (NATURCON) ekimenarekin bat egin dute. "Arrakastatsua eta oso argigarria izan da gaur Eguzkik Belartzan barrena antolatu duen martxa. Jesus Mari Alquezar mendizale ezagunaren eta bertako bizilagunen eskutik, parte-hartzaileek bertatik bertara ezagutu ahal izan dituzte Mercadona eta McDonald’s-en obrek eta industriagune-proiektu batek mehatxatzen duten Añorgako paraje honen balio natural ukaezinak.

Mercadonako obren aitzakian, betelanak eta pistak egin dituzte industriagune berria eraiki nahi duten lekuan. Nolabait esateko, harri batekin bi txori bota nahi izan dituzte. Dena baimenik gabe eta Donostiako Udalaren konplizitate harrigarriarekin. Izan ere, Hirigintza zinegotziak eta alkateak berak behin eta berriz ukatu dute legez kanpo ari zirela, harik eta legez kanpo ari zirela hain begi-bistan geratu den, ezen obrak gerarazteko beste irtenbiderik izan ez duten arte. Hori bai, obrak pare bat astez gelditu, justu “papeleoa” egiteko, eta ostiralean berriro hasi ziren.

Bizilagunok eta ekologistok ez dugu amore emango. Paraje honen balio naturalak defendatzen, legez kanpoko jarduerak salatzen eta Udalaren konplizitatea salatzen jarraituko dugu", iragarri du Eguzkik, ohar bidez.

Irudiak: Eguzki.