Gipuzkoa Zutik-en aurka Ertzaintzak atzo izandako jarrera salatzera deitu dute

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 20a, 10:02

Gipuzkoa Zutik-eko kideak asanblada baketsu bat egiten ari zirela, Ertzaintza Gipuzkoa plazan bildu zirenen aurka oldartu zen igande arratsaldean. Tentsio uneak bizi izan ziren. Bi lagun identifikatu zituzten, eta ARGIAko kazetari bat kolpatu zuten baita.

Hiru aste bete dituen erraustegiaren eta eliteen aurkako protesta baketsuak, honako oharra kaleratu du atzo gertaturikoaren harira. Iragarri dutenez, laster xehetasun gehiagoren berri emango duten arren, "asanbladak ilusioz betetako fase berri bati ateak irekitzea erabaki du":

"Asanblea hasieran gertatu dena sinetsi ezinik gaude oraindik. Egunero bezala, dinamizatzaileak asanblearako irizpideak irakurri ditu, tartean hau: "Biolentoak beraiek dira. Guk desobedientzia pasiboa erabiltzen dugu, biolentziarik ez". Ertzainek dinamizatzaileari identifikazioa eskatu diote berehala. Bere bila joan dira, babestu egin dugu eta kolpeka hasi dira gure kontra. Beraiekin hartu dute kidea. Asanblea baketsu bateko irizpideak irakurtzeagatik!

Gorka Bereziartua kazetaria gertatzen ari zena grabatzen saiatu da, bere kontra ere oldartu dira kolpeka, lurrera bota dute eta beraiekin hartu dute baita. Informatzeagatik!

Guk asanblearekin jarraitu dugu, eliteei aurre egiteko bideak pentsatzen jarraitu dugu. Ertzainetako batek retenitutako kide bati esan dio agintariak urduri daudela Gipuzkoa Zutikekin. Nabaritzen zaie. Zorionez, retenitutako biak daude gurekin berriz.

Asanbladak ilusioz betetako fase berri bati ateak irekitzea erabaki du. Laster informazio gehiago emango dugu honi buruz, baina gaurkoan gertatutakoa salatzera deitzen zaituztegu.

Hitz egiteko eta elkartzeko eskubidea urratzea oso larria da. Kazetariei informatzeko eskubidea oztopatzea oso larria da. Asanblea baketsu baten kontra kolpeka oldartzea oso larria da. Elite politiko eta ekonomikoak urduri dauden seinale. Herritarren indarraren seinale. Irabaziko dugu!".

Gipuzkoa Zutik

Facebook: Gipuzkoa Zutik.

Twitter: @GipuzkoaZutik.

Buruntzaldea Zutik

Twitter: @buruntzazutik