Larunbatean, Gipuzkoa Zutik-ek Zubietan eginiko bisitaren baitan antolatu zen solasaldian, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak gogorarazi zigun deialdia. Alegia, ostiral honetara arteko, ekainaren 24ra arteko epea dagoela, 2017-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokorrari alegazioak aurkezteko epea. "Ahal den gehienak aurkeztea beharrezkoa da" zioten.
Maiatza hasieran, Eusko Jaurlaritzak erraustegia eraikitzeko eman asmo zituen baimenen aurka 4.000 errekurtso baino gehiago aurkeztu ziren bi eguneko tartean. Oraingoan ere gauza bera egitera animatzen gaitu Zubieta Lantzenek. "Dakizuenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak GHHKPO (Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Orokorra 2017-2030) aurkeztu du, non hondakinen kudeaketa erdiz-erdi baldintzatuko lukeen errauste planta bat aurreikusten den. Hori dela eta, alegazio eredua bidaltzen dizuegu (euskaraz eta gaztelaniaz) bete eta aurkezteko. Ahalik eta alegazio gehien aurkeztea komeni da, beraz, zabaldu mezu hau zuen inguruko guztien artean", adierazi dute email bidez.
Inprimakiak bete eta aurkeztu
Ekainaren 24ra arteko epea dago, 3 egun ditugu honenbestez. Albiste honi segidan atxikita doazkizue alegazio eredua euskaraz nahiz erderaz betetzeko ereduak. Inprimatu, zuen datu pertsonalekin osatu eta ostiral hau baino lehen bideotatik erregistratu:
-Gipuzkoako Foru Aldundiaren Erregistro Bulego Orokorrean (Donostiako Gipuzkoa plazan), 08:30-14:00 artean.
-Ekainaren 23an, 20:00-22:00 artean, Zubietako plazan San Joanetako ospakizunera eramanda.
-Ekainaren 23a baino lehen, Zubietako Herri Batzarreko postontzian sartuta (Alamandegi ondoan).
Alegazio ereduak:
Alegazioa aurkeztuz eskatuko dena:
BAT. Balio gabetu ezazu “Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Ingurumen Ebaluaketa estrategikoaren hasierako agiriak” osorik eta baliogabetzat deklaratu itzazu bere baitan daramatzan lau dokumentuak: “Hasierako Zirriborroa”, “Hasierako Dokumentu Estrategikoa”, “Formularioa V. Eranskina” eta “I. Eranskina. Prognosiaren gaurkotzea”.
BI. Hasieratik abiarazi ezazu berriro Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorraren Ingurumen Ebaluaketa.
HIRU. Plan orokor horretan parte hartzera deitu itzazu hondakinen kudeaketan interesa duten parte interesatu guztiak: erakundeak, enpresak, elkarteak, taldeak eta herritarrak (Ni barne). Parte hartze garden eta demokratiko batekin zehaztu dezatela Gipuzkoako hondakinak nola kudeatu era garbi, osasuntsu, justu, merke eta iraunkorrenean.
LAU. Geldi arazi itzazu Zubietako errauste planta abiarazteko prozesua eta lanak, Gipuzkoako 2017-2030 Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor on bat egin ahal izan dadin.