Erraustegiaz galdetuko zaie usurbildar eta zubietarrei, iraila amaieran

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 21a, 14:15

Espainiako Gobernuak Udalari debekaturiko herri galdeketarekin zer egin erabakitzeko, Erraustegia Erabakia herri plataformak deitutako batzarra egin zen aurreko larunbatean Udarregi Ikastolan. Bileran parte hartu zutenek, baiezkoa eman zuten, aho batez onartu zuten galdeketa antolatzea. Erabaki gehiago ere hartu zituzten. Erraustegia Erabakia herri plataformatik NOAUA!ri berri eman diotenez, galdeketa egunak finkatu dituzte; hiru egunez izango da, irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an. Usurbilen eta Zubietan egingo da galdeketa. Eta galdetuko dena, 1.185 herritarrek sinadura bidez eskatu zutena; “Erraustegia egitea nahi al duzu?”. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute.

Herritarren agerraldi jendetsua

Batzarrean, galdeketa antolatzeko lan talde ezberdinak osatu zituzten. Hartu duten erabakiaren, hau da galdeketaren berri agerraldi batez emango dute jaietan. Uztailaren 2an, usurbildarren jai egun handian, Santixabel Egunez. Galdeketa antolatzeko ardura herritarrek hartuko dutenez, herritarren agerraldi jendetsua izatea nahi dute uztailaren 2koa. Gonbita luzatua dago beraz. Hurrengo egunetan emango dituzte, agerraldi honen inguruko zehaztasun gehiagoren berri.

Galdeketa jorratzen ari den bidea

2015/10/30: Erraustegia Erabakia herri plataformaren agerraldi aurkezpena, Mikel Laboa plazan.

2015/11/07: Erraustegia Erabakia jendaurrean aurkezteko lehen batzarra egin zuten Potxoenean.

2015/11-2016/01: Usurbilgo Udalari erraustegiari buruzko herri galdeketa antolatzea eskatzeko sinadurak biltzen aritu zen herri plataforma.

2016/01/30: 1.185 usurbildarren sinadurak bildu ostean, sinadurok Usurbilgo Udalari entregatu zizkion Erraustegia Erabakia herri plataformak.

2016/02/23: osoko ohiko bilkuran, gehiengo osoz herri galdeketa eta galdera onartu zituzten gehiengo osoz: "Usurbilgo hondakinak tratatzeko erraustea egoki iruditzen al zaizu?".

2016/03/04: Usurbilgo Udalak erraustegiari buruzko galdeketa antolatzeko eskaera luzatu zion Espainiako Gobernuari.

2016/05/13: erraustegiari buruzko herri galdeketa egitea debekatu zuen Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak.

2016/05/19: debekuaren aurrean, Usurbilgo Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuliko diela jakinarazten du.

2016/06/18: Udalak galdeketa egiteko eskumena herritarrei itzuli ostean, batzar irekia deitu zuen Erraustegia Erabakiak. Aho batez galdeketa egitea onartu zuten, galdeketa egunak finkatu, lan batzordeak osatu...

2016/07/02: Usurbilgo herri galdeketaren berri emateko agerraldi jendetsua deitu du Erraustegia Erabakia herri plataformak. Herritarrei jaietako egun handian hitzordu honetan parte hartzera deitzen zaie.

2016/09/30-2016/10/02: erraustegiari buruzko herri galdeketa irailaren 30ean, urriaren 1ean eta 2an, Usurbilen eta Zubietan. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahalko dute. Galdetuko dena: "Erraustegia egitea nahi al duzu?".