Imanol Agirretxe, 2020ra arte Realean

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 21a, 10:55

Imanol Agirretxe usurbildarrak beste 4 urtez gutxienez, Real Sociedad taldean jokatzen segiko du. Bi aldeek, Imanol eta Realak, 2020ko ekainaren 30era arteko kontratu luzapena izenpetu dute gaur. Lehendik zuen kontratua 2018ra artekoa zen. Beste bi urtez gehiagoz talde txuri urdinean lehiatzen segitzeko aukera izango du orain usurbildarrak. "Jokin Aperribay presidentea eta Loren kirol zuzendariak lagunduta, Usurbilgo aurrelariak eguerdian ipini du bere sinadura kontratu berrian, Anoetako bulegoetan", berri eman dute Realetik.

5 urte bete ditu, Agirretxe Taldeak

Gogotik ospatu zuen Imanol Agirretxeren eta Realaren aldeko taldeak, orain bost urte sortu eta martxan jarri zutela. Trikitilari eta bertsolariekin, tabernaz taberna maiatza amaieran egin zuten poteoan lehenik, eta Saizar Sagardotegian afari baten bueltan gero. Jendetza batu zuten ospakizunek.

Agirretxe Taldekoak pozik ziren urtemuga honetan, taldeak izan duen ibilbidearekin eta baita urteurrenak izandako arrakastarekin ere. Orain arte, bazkideen artean ospatzen zuten egun hau. Aurten bazkide ez direnek ere gerturatu ahal izan dute festara, eta azkenerako, koadrila ederra batu zen.

Agirretxe Taldea osasuntsu dagoela argi utzi zuten. Ia 100 lagunek osatzen dute bilgunea. Berak lehen pertsonan eta Realak jasotzen duen babesarekin pozik agertu zen baita, ospakizunetara gerturatu zen Imanol Agirretxek. Afalaurretik hitz batzuk esateko tartea eskaini zioten futbolari usurbildarrari. Agirretxek eskerrak helarazi nahi izan zizkien bertaraturikoei.

"Eskerrik asko denoi etortzeagatik. Orain arte, jai hau bazkideen artean ospatzen genuen. Aurtengoa bosgarren urtemuga izanda, iruditzen zitzaien talde kideei eta baita niri ere polita izango zela, herritar eta lagun guztiei zabaltzea. Azkenean talde guztitik aparte, herri osoan ere babes handia jasotzen dut. Usurbildarrak ez diren batzuk ere etorri dira, lagun asko. Eskerrik asko denoi, ematen duzuen babesagatik, gaur hona etortzeagatik, niretzako hain berezia den egun hau neurekin, gurekin ospatzeagatik. Eskerrik asko eta segi horrela!", adierazi zien Agirretxek Saizar Sagardotegian afaltzeko prest izan eta txalo artean hartu zuten zaletuei.