Usurbil F.T.-k ere amaitzear du denboraldia, oporraldi aurreko azken hitzorduak deitu ditu egunotarako. Asteazkenerako irailean ospatuko den Usurbil Cup-i loturiko bilera antolatu dute 19:00etan Artzabalen, izena eman duten taldeetako arduradunekin. Udalerri honetan haur eta gazte gehien biltzen dituen ekimenetako bat izango da Usurbil Cup. Aurtengo izen emate datuek ere errealitate bera islatzen dute. 350-400 haur eta gaztetxok parte hartuko dute, irailean zehar ospatuko den txapelketan. 8 multzotan banaturiko 34 taldeek parte hartuko dute, maila hauetan: minibenjaminetan, benjamin, alebin eta infantil mailan. Minibenjaminekin abiatuko duten txapelketako neurketa gehienak larunbatean eta Haranen antolatzen ahaleginduko direla berri eman du Usurbil F.T.-k. Nahiz talde kopurua ikusita, partida batzuk astetartean ere jokatu beharko diren. Finala, ohi bezala frontoian ospatu asmo dute, irailaren 24an.
Egutegi kontuez gain, bereziki araudian eta jarreran eragin nahi dute aurten ere. “Araudi bat finkatuko dugu eta zorrotz beteko da”, ohartarazi dute. Beste behin gogorarazten dutenez, txapelketa honetako xede nagusia haur eta gaztetxoen parte hartzea sustatzea eta ondo pasatzeko kirol ekimena izatea da. Argibide gehiagoren berri, asteazken honetako bileran emango dute.
Nesken futbola sustatu nahi
Larunbatean ospatuko dute bestalde, 2015-16 denboraldia agurtzeko eguna, jolas, bazkari eta futbol klubeko kideak bilduko dituen afarian. Dagoeneko halere, 2016-17 denboraldira begira da Usurbil F.T. 40 urte beteko dituen denboraldi berezia ospatzeko ekimenak izango dira, baina honez gain, indarberrituta ekin nahi diote kirol urte berriari. Besteren artean, nesken futbola sustatzeko ahalegin berezia egin nahi dute. Aurreko astean, proba moduko entrenamendu saio bat deitu zuten, kirol jarduera honetan aritu nahi duten neskekin. Datorren asterako finkatu duten bileran eskainiko dituzte argibide gehiago:
Datozen deialdiak
Ekainak 22, asteazkena
19:00 Usurbil Cup-eko bilera Artzabalen, taldeetako arduradunekin Artzabalen.
Ekainak 25, larunbata
11:00 Futbol Eskola eta errendimendiko alebinekin jolasak Oiardo Kiroldegian.
Eguerdian, bazkaria Askatasuna plazan.
Gauean, Atxega Jauregian afaria Usurbil F.T.-ko kideekin.
Ekainak 29, asteazkena
18:00 Datorren denboraldian nesken taldeak osatzeko bilera Haranen.