Plan ezinhobea egin dezakezue datozen jaietan; goizeko jai giroa arratsaldekoarekin lotzeko, kalean lagun artean bazkaltzea. Ez da behintzat, aitzakiarik faltako, adin tarte ezberdinetako herritarrentzat antolatu diren otorduekin. Otorduotarako txartelak salgai daude jada. Mugi, agortu baino lehen.
Zikiro-jana
Jendetza bildu ohi du Kuxkuxtu txarangak girotu eta kantuan ospatu ohi den zikiro-janak. Aurtengo jaietan ere ez dute hutsik egingo. Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko kantu-jira egingo da lehenbizi eta gero bazkaria Askatasuna plazan, uztailaren 2an, larunbatez. Txartelak Bordatxon, Aitzagan eta Txiribogan eskura ditzakezue, 25 eurotan, ikasle eta langabetuek 15 euroren truke. "Txartel mugatuak! Ez izan azkena erosten!" ohartarazi dute antolatzaileek.
Gazte bazkaria
Uztailaren lehenean ospatuko den Gazte Egunean ere bazkaria izango da, iaz bezala Mikel Laboa plazan kokatuko duten txosnagunean. Txartelak ere aurrez izango dira eskuragarri; ekainaren 25etik 29ra, Irratin eta Aitzagan. "Animatuu!", luzatu dute gonbita antolatzaileek.
Jubilatuen bazkaria
Uztailaren 3rako antolatu dute, iganderako honenbestez, Atxega jauregian. Bazkaritarako txartelak aurrez eskuratu beharko dira. Astearteaz geroztik salgai dituzte, Artzabalgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea edo Aginagako Arrate jubilatu egoitzetan, baita Usurbilgo Udaleko Gizate Zerbitzuetan ere. Bazkaritara joan ahal izateko 60 urte beteta edo aurten betetzea eskatuko da. Usurbilen erroldatua egotea ezinbestekoa izango da. Bi salneurri finkatu dituzte; 20 eurotan eskuratu ahalko dituzte txartelak, 60-65 urte artekoek; 10 eurotan, 65 urtetik gorakoek.
Egitaraua eta gehigarria bidean
Badatoz jaiak, baina aurrez herriko festetan izango dugunaz informatu beharko gara. Asteazken honetan helduko da NOAUA!ko egoitzara, festetako egitaraua eta ekimenen berri jasoko duen aldizkari eta gehigarri berezia. Egunotan jasoko duzue etxean. Aldi berean, Usurbilgo Udalak ere egitaraua aste honen amaieran banatuko du. Gogoan izan, diseinu lehiaketa Intza Salsamendi usurbildarrak irabazi du. Berak sortutako diseinua izango du programak. Iaz ere txapeldun izan zen eta dado forma eman zion egitarauari. Ia aurtengorako zer prestatu digun.
Jaietako lehen ekitaldiak
Ekainak 23, osteguna
19:00 Santixabeletako 40. Bertsopaper Lehiaketako sariketa Sutegin.
Ekainak 26, igandea
17:30 Pala Txapelketa. Kirol egokituen erakustaldia, emakumezkoen finala eta gizonezkoen finala.
22:00 Futbito txapelketako finalak.
Amaieran, sari banaketa.