Konpartsako materialaren, erraldoi eta buruhandien mantentze lanetarako. Usurbildik kanpo irteera gehiago egin eta konpartsen topaketa gehiagotan parte hartu ahal izateko. Lauburu, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak zereginotarako laguntza bildu nahi du ate joka ditugun jaiotan. Horretarako prestatu dituzte ondoko irudian dituzuen eskumuturrekoak; kolore gorrikoak, "Santixabelak 2016" diotenak. Konpartsaren izena omenduz, lauburu bat daramate. Herriko saltoki eta tabernetan eskuratu ahalko dituzue gaurtik jaiak amaitu arte. Konpartsakoak kalean ere saltzen arituko dira. Salneurria; euro bat gehi borondatea. Bildutako laguntza aipatu moduan, talde honetara bideratuko da osorik.
Konpartsa, egunero kalean
Abiatzear ditugun jaiotan lanik ez zaie faltako Lauburu Konpartsakoei. Eskumuturrekoak saltzeaz gain, egunero ikusiko ditugu Santixabeletan kalean gora eta behera, erraldoi eta buruhandiekin. Aurten estreinakoz, hitzordu guztiok taldeak berak kudeatuko ditu. Eta eguneroko kalejirei, ekitaldi berri bat erantsi diote oraingoan; Erraldoi eta Buruhandien Topaketa ospatuko da uztailaren 3an. Trapagaran, Añorga, Mutriku eta Zizurkilgoekin batera desfilatuko dute goiz eta arratsaldez, Lauburu taldeko erraldoi eta buruhandiek. Zehaztasun gehiagoren berri, egunotan emango dizuegu.