Jaietako 40. Bertsopaper Txapelketako sariketa, gaur 19:00etan Sutegin

Noaua Aldizkaria 2016ko eka. 23a, 04:50

Iaz bezala, jaietako bertso saiotik aparte, Sutegin, musikariekin eta lagun arte giro ederrean ospatuko da 40. Bertsopaper Lehiaketako sariketa, ostegun honetan 19:00etan. Gaur ezagutuko ditugu nortzuk diren sarituak. Iazko txapeldunak, Imanol Zarautzek ere bertso sorta bat aurkeztu du aurtengo ediziora. Usurbildarrak frontoitik Sutegira egin den sariketako formatu aldaketa hoberako izan dela dio, lerrootan NOAUA!ri eskaini dion elkarrizketan.

Aurtengo txapelketara aurkeztu zara?

Imanol Zarautz: Ez nuen asmorik. Normalean ideia bururatutakoan idazten ditut bertsoak, baina aurten ez nuen ideia argirik. Azkeneko unean antolatzaileek gonbidatu naute. Formatu aldaketa honekin animatuta, egun batean bonbila piztu, hari bat hartu eta hari segita bertso sorta osatu dut.

Iaz errioari buruz idatzi eta irabazi zenuen txapelketa.

Usurbil nahiko lotua dago errioarekin. Guri zortez edo tamalez, errioak dena eman eta dena kendu digu. Goierri aldean dezente ibiltzen naiz. Beti N1 errepidean gora eta behera, beti zeharka errioari begira. Gidari lanak egitea tokatu zitzaidan irratirik ez zuen kamioi batean. Kamioi zahar batean irratirik gabe orduak luze joaten dira eta hortxe bururatu zitzaidan. Lehen bururatu ahala orri batean apuntatzen nituen, eta orain mugikorrean grabatu, etxera etorri eta paperera pasatzerakoan grabatutakoari buelta ematen diot. Lanak aurkezteko epea ixtear dela, ezin osatu bertso sorta.

Zailena bertso sorta behin betiko borobiltzea izango da ezta?

Ez da bukaera ematen. Niri normalean beti ixtea kostatzen zait. Beti dago hari muturren bati tira egiteko aukera. Niretzat ez da inoiz sorta bat inoiz ixten.

Iaz txapelketa irabazi zenuen. Espero al zenuen?

Ez zitzaidan iruditu bertso sorta borobildu nuenik bukaera aldera, baina gustura geratu nintzen. Laugarren aldiz irabazi nuen iaz. Normalean urte bakoitietan irabazi izan dut. Aurten urte parea tokatzen da... Bertso eskolatik hasi ginen parte hartzen. Geronek parte hartu eta antolatzen genuen, beste batzuk epaimahaikide ziren. Zortzi bat aldiz parte hartuko nuen. Lau txapela etxera ekarri ditugu etxera.

Frontoitik Sutegirako formatu aldaketa lehen pertsonan bizi izan duzu. Aldaketa hoberako izan da?

Bai. Frontoiko sariketan, puntako bertsolarien saioaren ostean izaten zen sariketa. Hoztu egiten zen saioa. Gainera norberak ausardia behar zuen oholtza gainera igo eta jendaurrean abesteko. Egin den aldaketa, onerako izan da. Formatu aldaketarekin bere txokoa eman zaio ekitaldiari.

Ostegunean zer aurkituko dugu Sutegin?

Ordu erdi pasatxoko saio herrikoi eta polita, leku goxo batean, lagunarte giroan, musikariekin. Animatu eta etor dadila nahi duenak. Polita litzateke formatu hau mantentzea. Hauxe da bertsopaper lehiaketako sariketak behar duen tokia. Jendea animatu nahiko nuke baita bertsoak idaztera. Berdin dio zerri buruz, ahalik eta kuriosoen idatzi eta entregatu ditzala txapelketara.

40. Bertsoapaper Txapelketako sariketa

Eguna: ekainak 23, osteguna.

Ordua: 19:00.

Tokia: Sutegiko auditorioa.

Antolatzailea: Bota Punttuba.